Hegazkigintza

ITP Aero Castingsen ez da akordiorik egon, eta 136 izan daitezke kaleratzeak

Zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko negoziazio epeak ez du fruiturik eman, eta orain enpresari dagokio erabakitzea lan erregulazioa bere osotasunean gauzatuko duen ala ez

PCB ITP Aero Castingseko langileak, iragan larunbatean eginiko manifestazioan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko abenduaren 23a
16:27
Entzun

Precision Castings Bilbaoren (PCB) erregulazio espedienteko negoziazio epea enpresa eta langile batzordeko kideen arteko akordiorik gabe bukatu da. Gauzak hala, eta ITP Aeroren barnean dagoen enpresako zuzendaritzak esanikoa betetzen badu, 136 langile kaleratuko ditu. Negoziazio epean 77raino jaitsi zuen kopuru hori, 11 erretiro aurreraturi eta aldi baterako erregulazio gogor bati lotuta. Horretarako, baina, langile batzordeak akordioa sinatu behar zuen, eta ez du sinatu. Sindikatu bakar batek ere ez du onartu. Enpresak, orain, hamabost egun ditu kaleratzeen berri emateko, eta ikusi beharko da erregulazioa bere osotasunean gauzatzen duten. Langile batzordea prest dago neurria epaitegietara eramateko. 

Ezkerraldeko industriak bizkarreko handia jaso dezake orain. 505 langilek dihardute egun PCB Sestaon eta Barakaldon dituen plantetan (Bizkaia) eta laurden batek baino gehiagok bere lanpostua gal dezake aurki. Horiei urtarriletik hona kalean geldituriko behin-behineko 120 langileak gehitu behar zaizkie, enpresak ez baitzien kontratua berritu. Sindikatuak oso haserre irten dira enpresarekin izandako azken bileratik, eta protestan jarraituko dutela aurreratu dute. Hasteko, beste hiru greba egun egingo dituzte Gabonetako zubiaren ondoren.

Langile batzordeko kideek esana zuten ez zutela kaleratzerik onartuko, eta jarrera horri eutsi diote azken egunera arte. Bilera EHUk Leioako campusean duen eraikin batean izan da, kanpoan protesta egiten ari ziren langileen zarata ozenaren soinu bandarekin. Enpresako zuzendaritzak azken astean egindako eskaintza mantendu du: 77 kaleratze, 11 erretiro aurreratu, eta bi urterako aldi baterako erregulazio espedientea lantalde guztiarentzat: %25ekoa 2021ean; eta %20koa 2022an. Bere kalkuluen arabera, ekoizpena erdira jaitsiko da hurrengo urtean.

Sindikatuek badakite garai txarrak direla hegazkingintzarentzat, baina krisi koiunturala dela sinetsita daude, eta enpresaren iragarpenak ezkorregiak direla iritzi diote. Gauzak hala, bi eskaintza berri egin dituzte azken egunean: ELAk eta LABek aldi baterako erregulazio luze batean oinarriturikoa; CCOOk eta UGTk, aldiz, aurreraturiko erretiro batzuk eta irteera boluntarioen aukera gehitu dizkiote ekuazioari. Enpresak, baina, entzungor egin die biei, eta horrekin bukatu da bilera. PCBk, orain, hamabost egun ditu argitzeko zer egingo duen eta ea 136 kaleratze egiteko asmoari eutsiko dion.

Sindikatuek neurria epaitegietara eramateko asmoa dute, eta indartsu sentitzen dira, gainera. Iragan irailean beste epaiketa bat irabazi zuten, epaileak legez kanpokotzat jo baitzuen PCBk eginiko aldi baterako erregulazioa. Enpresaren egoera ekonomikoa ikusita horrelako neurri bat hartzeko arrazoirik ez zegoela ebatzi zuen. Izan ere, eta sindikatuek azaldu dutenez, PCBk irabazi handiak izan ditu azken urteetan. Auzi honen korapiloak, gainera, beste hari bat du: Rolls Roycek, ITP Aeroren jabeak, enpresa saldu nahi du, eta barneko plantetako batek horrelako auzibide bat irekia izateak erosleak uxatu ditzake. PCBn hegazkinen turbinetarako piezak egiten dituzte, fundizioa eta guzti dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.