Zubietako erraustegia

Zubietako erraustegiko labea homologatu gabe dagoela berretsi du GuraSOSek

Nortegas enpresari galdetuta, ondorioztatu du azpiegiturak oraindik ez dituela baimen guztiak, gasaren hornikuntza behin-behinekoa delako. Plataformaren esanetan, ingurumen baimena ezeztatuko luke horrek.

Zubietako errauste planta. GORKA RUBIO / FOKU
mikel p ansa
2020ko abenduaren 29a
14:01
Entzun

GuraSOS plataformak berretsi du Zubietako erraustegiak gasaren azpiegiturak homologatu gabe jarraitzen duela lanean. Nortegas enpresari galdetu dio erraustegiaren kontrako taldeak, eta enpresak emandako erantzunetik atera ditu plataformak ondorio horiek.

GuraSOSek abenduaren 11n galdetu zion Nortegasi errauste plantako labea eta gasa zabaltzeko tresnak homologatuta ote dauden, eta 23an jaso zuen enpresaren erantzuna. Horrekin, plataformak ondorioztatu du Gipuzkoako ahaldun nagusiak «gezurra» esan zuela abenduaren 11n, erraustegia erakusteko antolatu zuten agerraldian. Markel Olano ahaldun nagusiak gezurtatu egin zituen, orduan, GuraSOSen salaketak, eta erraustegiak azpiegitura guztiak homologatuta eta legez araututa zeuzkala zehaztu zuen.

Enpresaren adierazpenak eta GuraSOSen irakurketa ez datoz bat. Nortegasek, gutun horretan, esplikatzen du bera ez dela gas hornitzailea; gasa zabaltzeko sarearen jabea da. Erraustegira gasa eramateko azpiegitura eraiki zutenean, Nortegasi eskatu zioten erraustegian gasa jaso ahal izatea, probako aldirako, azpiegiturak homologatu ahal izateko.

Nortegasek zehazten du hornikuntza hori egitea beharrezkoa dela gas azpiegitura bat homologatzeko prozesuan, eta aitortzen du jarraitzen duela erraustegia gasez hornitzen, probako aldian bezala. Egoera hori legezkoa dela zehazten du, azpiegitura erabat homologatu arte beharrezkoa delako. Baina GuraSOSek beste interpretazio bat egin du: uste du Nortegasek gas hornikuntzarekin jarraitzeak adierazten duela azpiegiturak ez duela bukatu probako aldia, eta homologatu gabe jarraitzen duela oraindik.

«Horrek esan nahi du erraustegia lanean hasi dela hornikuntza bermatu gabe, eta, bistan denez, azpiegituren eta haien segurtasunaren homologazioa eta legezkotasuna egiaztatu gabe, proba baliozkorik egin gabe eta, are, azterketa egin gabe. Alegia, erabat legez kanpo», adierazi du GuraSOSek.

Ingurumen baimena, kolokan

Egoera horrek ingurumen baimen integratuari ere eragiten diola uste du plataformak. Baimen hori berretsitzat jo zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordeak ekainaren 16an, eta Arantxa Tapia Ingurumen sailburuak berretsi egin zuen azaroaren 24an. Baina, GuraSOSen arabera, baimen hori berresteko beharrezkoa da azpiegitura guztia bukatuta egotea, eta haren segurtasuna aztertua eta berretsia egotea. «Eta hori, momentu honetan, ez da gertatzen; eta duela hilabete batzuk, oraindik eta gutxiago», ohartarazi du plataformak.

Are gehiago, ingurumen baimen hori uztailaren 7an bukatzen zitzaion erraustegiari. Eusko Jaurlaritzako teknikariek aztertu zuten azpiegitura, eta, ekainaren 11n, adierazi zuten bukatuta zeudela lan guztiak; ingurumen baimena berresteko eta ontzat jotzeko, horretan oinarritu ziren. Nortegas enpresaren abenduko erantzun honek, ordea, agerian uzten du azpiegiturak ez daudela behar bezala bukatuta, GuraSOSen iritziz, eta horrek esan nahiko luke ingurumen baimena berresteko tramitazioa ere ez zela legezkoa izan, beti plataformaren arabera.

Plataformak erantsi du, gainera, Eusko Jaurlaritza egoera horren jakitun zegoela, Nortegasen erantzunetik hori ondorioztatu baitu. Hortaz, plataformak errepikatu du labeak homologatu gabe eta hondakinak erreta elektrizitatea sortzeko azpiegiturak eraikitzen bukatu gabe jo zutela ontzat ingurumen baimena.

Hemezortzi hilabetez probatan

Bestalde, plataformak gogorarazi du erraustegiak zazpi hilabete eta erdiko probaldi bat zeukala berez; 2019ko apirilaren 24an hasi zen. «Baina orain, hemezortzi hilabete geroago, probaldian jarraitzen du, eta horrek argi uzten du ingurumen baimen integratua iraungita dagoela». Ingurumen Saileko arduradunak prebarikazio delitu bat egin ote duten aztertuko dutela erantsi du.

Labeek martxan jartzeko behar duten homologazio hori lortzeko, aztertzen dute ongi funtzionatzen ote duten diseinatuta dauden gasarekin eta presioarekin, eta zehaztutako erretze parametroak betetzen ote diren. Plataformak nabarmendu du dioxinen sorrera gutxitzeko beharrezkoa dela 850 gradu zentigradura iristea, eta horretarako behar dela gasa prozesuan, tenperatura konstantea izan dadin.

2019ko azaroan hasi ziren hondakinak errausten Zubietako plantan, eta plataformak nabarmendu du urtebete baino gehiago daramatela probetan eta lanean, «ingurumen eta segurtasun bermerik gabe, eta legeztatu eta homologatu gabeko labe batzuetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.