Artea

Tabakaleraren 'Cybernetics of the poor' erakusketa Europako urteko hamar onenen artean aukeratu dute

'Frieze' aldizkariak Donostiako arte garaikideko zentroan antolatutako erakusketa nabarmendu du

Erakusketa martxoan ireki zuten eta berehala itxi, COVID-19aren hedapenak eraginda. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Berria
2020ko abenduaren 29a
15:36
Entzun 00:00:0000:00:00

Tabakaleraren Cybernetics of the Poor: Tutorialak, ariketak eta partiturakerakusketa Europako arte garaikideko hamar erakusketa onenen artean hautatu du Frieze aldizkari britainiarrak 2020an. Arte eta kultura garaikideko alorrean líder den aldizkariak urtero egiten duen hautaketan, Tabakalerakoa beste bederatzi erakusketarekin batera dago zerrendan: besteak beste Parisko Pompidou zentroak, Erromako Arte Garaikideko Museoak, MACROk, eta Alemaniako Arte Garaikideko Zentro Nazionalak eta Haus der Kulturen der Weltek antolatutakoak.

Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak balioa eman dio arte garaikidearen esparruan eragin handiena duten aldizkarietako batek egindako aukeraketari: «Frieze sektorean ospe handiena duen nazioarteko argitalpena da, eta horrelako aintzatespena bultzada handia da Tabakalera arte garaikidearen esparruan sorkuntza eta erakusketa zentro gisa nazioartean kokatzeko».

Diedrich Diederichsen kultura kritikari eta komisario alemaniarrak eta Oier Etxeberria Tabakalerako arte garaikidearen arloko arduradunak komisariatutako erakusketak zibernetikaren eta artearen artean historikoki izan diren lotura moduei buruzko azterketa planteatzen zuen.
1991n sortutako Frieze aldizkariak aurrekaririk gabeko urte batean kokatu du argitaratu duen zerrenda, «zerbait positiboa izan bazuen, statu quo-a birpentsatzeko aukera eman zitzaigula izan zen. Gure lehentasunak berriz ebaluatzera eta gure ezagutzak hedatzera eraman gintuen, lehen puntu itsuak genituen arloetan. Zentzu askotan, 2020ak ezjakintasuna desikasteko ikasgai batzuk ekarri ditu, eta arteak ere lagun dezake horretan».

Tabakalerak eta Kunsthalle Wienek (Austria) elkarlanean ekoitzitako Cybernetics of the Poor erakusketa martxoaren 6an inauguratu zen, Tabakalerak COVID-19ren ondorioz ateak itxi baino astebete lehenago, eta 6.000 lagunek bisitatu zuten ekainean ireki zenetik abuztuaren amaierara arte.

Erakusketak Vienan eta Donostian 2019an egin zen nazioarteko mintegiaren izen bera du. Lankidetza horretatik sortu zen erakusketa proiektu hau, abenduaren 18an Vienako Kunsthallen ireki zena eta 2021eko martxoaren 28ra arte bisitatu ahal izango dena. Lankidetza horrek, pieza artistiko berrien ekoizpenari bide emateaz gain, euskal artista batzuen lanak Vienan ikusgai jartzeko aukera eskaini du.

Artearen elkarguneak eta sistema zibernetikoak aztertzen dituen erakusketak tokiko eta nazioarteko 24 artistaren lanak ikusteko aukera eskaintzen zuen, eta bilduma pribatuetatik, galerietatik eta museoetatik (Madrilgo Reina Sofia Arte Zentro Nazionala edo Lyongo Arte Garaikideko Zentroa) zetozen piezak eta Austriako Kultura Foroak (Madril) eta Flanders State of the Artek parte hartu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.