Etxeetan oinarrizko hornidurak izateko eskubidea aldarrikatu dute Gasteizen

Gasteizko Inor Ez Etxerik Gabe ekinbideak salatu du pandemiak pobrezia energetikoa areagotu duela.

Inor Ez Etxerik Gabe ekinbideko elkarretaratzea, Gasteizen. RAUL BOGAJO/FOKU
Maria Ortega Zubiate
2020ko abenduaren 30a
13:21
Entzun

Gasteizen pobrezia energetikoa gero eta hedatuago dagoela salatu du Gasteizko Inor Ez Etxerik Gabe ekinbideak: pandemiak areagotu egin du “argia edo berogailua pizten ez” duten familien kopurua, haien hitzetan. Hori salatu dute gaur goizean Andre Maria Zuriaren plazan, Gabonetako bola handiaren alboan, Itzali azpijokoak, piztu eskubideak lelopean egindako elkarretaratzean. “Etxe guztietan argia, gasa eta oinarrizko hornidura guztiak izateko eskubidea” aldarrikatu dute.

Elkarretaratzerako aukeratutako tokia ez da ausazkoa izan: Gasteizko Udalak Eguberrietako argietara bideratutako diru kopurua kritikatu dute. Udalak aurrekontuetan hitzemandakoa baino 40.000 euro gehiago ordaintzea gaitzetsi dute, lehenengo eskaintzan enpresa bat ere ez baitzen aurkeztu: “Beste behin ere, udalari ez zaio asko kostatu enpresen aginduei kasu egitea; ez da berdina gertatzen eskubideak aldarrikatzen ditugunean”. Era berean, enpresa energetiko handiek “bizilagunen zorpetzea handitzearen kontura” irabaziak lortzen jarraitzen dutela ere salatu dute.

Hori horrela, etxe guztietarako oinarrizko hornidurak aldarrikatu dituzte: alarma egoera dagoen bitartean energia enpresek argia moztu ezin badute ere, iritzi diote neurri hori ez dela nahikoa. “Guk gaur eta beti gure etxeetan energia izateko eskubidea aldarrikatzen dugu”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.