Osakidetzarako langile gehiago kontratatzea eskatu dute

Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, Osakidetzako langileek protestak egin dituzte hainbat ospitaletan eta osasun etxetan.

Osakidetzako langileen protestak, gaur goizean, Donostian. ANDONI CANELLADA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko abenduaren 30a
16:08
Entzun

Berriz ere, kalera atera dira Osakidetzako langileak. Satse, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ospitaleren eta osasun etxeren atarietan. Helburu argia izan dute: osasun sistema publikoaren egoera salatzea, eta Osakidetzarako langile gehiago kontratatzeko beharra azpimarratzea.

Hain zuzen «egiturazko arazoak» salatzeko bildu dira Bilboko Deustu auzoko osasun etxean, Donostia ospitalean eta Gasteizko Santiago ospitalean. «Osakidetzaren egoera ez da hobetzen, eta ez dituzte arazoak konpontzen», salatu du Satse sindikatuaren ordezkari Amaia Mayorrek.

Mayorrek aipatu du atzo sindikatuek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduirekin izandako bilera. Haren hitzetan, Sagarduik «hitz onak» izan zituen, eta «etorkizunera begira negoziatzeko asmoa» erakutsi zuen. Baina konponbide azkarragoa eskatu du Mayorrek: «Osakidetzak orain behar ditu konponbideak, eta horregatik jarraitzen dugu mobilizazioekin».

Txertoa hizpide

Koronabirusaren aurkako txertoa jartzen hasi berri direnean, Mayorren irudiko, langile kopurua negoziatu behar dute, baita haiek egonkortu eta langileak areagotu ere. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren joera salatu du: «Osasun Sailak ez du planteatzen langileen esfortzua zukutzeaz haragoko neurririk». Ohartarazi du, arazoak konpondu ezean, mobilizazioekin eta urtarrilaren 28rako deituta duten grebarekin jarraituko dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.