Indarkeria Matxista

Gizon bat atxilotu dute, Arrasateko emakume bat hiltzea leporatuta

Kanaria Uharteetan bizi zen 65 urteko andrea orain dela hamar urtetatik, eta abenduaren 28az gero desagertuta zegoen. Lagun batek salaketa jarri zuen. Guardia Zibilak gorpuzki batzuk aurkitu zituen bizitokian, eta bere bikotekidea atxilotu, gizonezko bat: aitortu du berak hil zuela.

Joan den azaroaren 25eko manifestazioa, Gasteizen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Maider Galardi F. Agirre.
2021eko urtarrilaren 1a
17:07
Entzun

Marian Ibarluzea Arrasateko (Gipuzkoa) emakumeak hamar urte zeramatzan Kanariar Uharteetan bizitzen, eta duela hiru hilabete ezagutu zuen bikotekidea. Azken egunetan Ibarluzearekin kontaktuan jartzea lortzen ez zuenez, haren lagun batek salaketa ipini zuen, eta abenduaren 30ean topatu zituzten gorpuzki batzuk, desagertutako andrearen etxean, Kanaria Handian.

Bikotekidea komisariara joan zen abenduaren 31n, eta aitortu zuen berak hil zuela Ibarluzea, eta hilotza etxebizitzaren alboan lurperatu zuela. Epaileak baldintzarik gabeko espetxealdira bidali du gizonezkoa.

2020. urteko azken hilketa matxista salatzeko, Arrasaten elkarretaratzea egingo dute larunbat honetan, abenduak 2, herriko plazan, 12:30ean Emakumeon Mundu Martxak, Pottogorriak eta Bilgune Feministak deituta. 

Bost hilketa urtebetean

2003az geroztik, 107 emakume eta 11 ume hil ditu indarkeria matxistak. Ibarluzearenarekin, bost izan dira 2020. urtean indarkeria matxistaren ondorioz hildako emakumeak, BERRIAren zenbaketaren arabera. Itxialdia hasi baino lau egun lehenago, martxoaren 11an gizonezko batek haren bikotekidea eta alaba hil zituen Abanton (Bizkaia). Etxeratze agindua hasi eta berehala, berriz, martxoaren 16an bere ama hil zuen gizonezko batek Soraluzen (Gipuzkoa). Maiatzaren 6an, berriz, Angelun (Lapurdi) 83 urteko bere emaztea hil zuen 89 urteko gizonezko batek, eta, ondoren, bere buruaz beste egin zuen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.