Aiton-Etxeko erabiltzaileek txertoa jasotzeko «beharrezko neurriak» hartuko ditu aldundiak

Oiartzungo eguneko zentro horren zuzendaria txertoa jartzearen aurka agertu da, «epe motzean albo ondorio larriak» eragin ditzakeelako.

Oiartzungo Aiton-Etxe eguneko zentroko irudi bat. AITON-ETXE
2021eko urtarrilaren 2a
14:08
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundia neurriak hartzeko prest dago, Oiartzungo (Gipuzkoa) Aiton-Etxe eguneko zentroko zuzendaritza erabiltzaileei COVID-19aren aurkako txertoa jartzearen kontra agertu ostean. Zuzendariak, egoiliarren senideei bidalitako mezu batean, arrazoitu du txertoa «esperimentazio fasean» dagoela, eta «epe motzean, albo ondorio larriak» eragin ditzakeela. Aldundiak adierazi du egoitzarekin harremanetan jarriko direla, eta, horren ostean, «beharrezko neurriak» hartuko dituztela.

Aldundiak nabarmendu du erabiltzaile guztiei bermatuko zaiela txertoa jasotzeko eskubidea: «Erakundeak hala nahi duten erabiltzaile guztien txertatzeko eskubidea bermatuko du, eskubide bat eta erabaki pertsonal bat baita». Horrez gain, horien senideekin bilduko dela ere gehitu du. Bileran, Osasun Saileko arduradunek hartuko dute parte. 

Halere, Osakidetzak oraindik ez du eguneko zentroetarako protokolorik prestatu, eta, ondorioz, ez dago Aiton-Etxe zentroko erabiltzaileei txertoa jartzeko datarik ezarrita. Protokoloak ezartzean zentro guztietan bilerak egingo dituztela ere azpimarratu dute, zahar etxeen kasuan egin bezala. 

Aiton-Etxe zentro pribatua da, baina lekuen %80 Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itundutakoak dira. Gainera, ez da zentro horrek halako erabaki bat hartzen duen lehen aldia. Eldiario.es agerkariak argitaratu duenez, zuzendaritzak uko egin zion gripearen aurkako txertoa jartzeari ere, eta hura jaso nahi zuten adinekoek euren osasun zentroetara joan behar izan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.