Lan gatazkak

Beira jasotzaileen greba amaitu da Bizkaian

Mercedesek azpikontratutako enpresa batean ere bertan behera utzi dute lanuzterako deialdia.

Enviserko langileen protesta bat. LAB
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 4a
12:14
Entzun

Bi lan gatazkaren amaieraren berri eman dute sindikatuek. LABek jakinarazi du Bizkaian beira jasotzen duten langileak lanera itzuliko direla, Enviser enpresako zuzendaritzarekin akordioa lortu ondoren. Azaroan hasi zuten protesta, eta, horren ondorioz, gainezka egon dira Bizkaiko beira edukiontzi asko.

Beren lan baldintzak hobetzearen aldeko greba zen Enviserko langileena, eta helburuetako batzuk lortu dituztela azaldu du LABek. Soldata kontuetan, esaterako. Gipuzkoako langileekin parekatzeko eskatzen zuten, eta bi eta hiru urte arteko epean lortuko dute hori. Langileen subrogazioa ere erdietsi dute, eta hobekuntzak lanaldian. Hiru urterako lan hitzarmenak «langile klasearen eta borrokaren garaipena» erakusten duela uste du LABek.

CEVA Logistic

Araban, berriz, hasi aurretik geratu da bertan behera CEVA Logistic enpresan deitutako greba mugagabea. Bihar hastekoa zen, 250 langileetatik 22 kaleratzeko asmoen aurka. ELAk azaldu duenez, UGTrekin eta CCOOrekin batera, lortu dute enpresa utziko duten langileek «kalte-ordain duinak» jasotzea, eta enpresako beste lantoki batzuetan kolokatzea. Akordioa ezartzeko Mercedesek hiru txandako ekoizpenera itzuli beharko du —bi eta erdira jaitsiko du orain, ekoizpena furgoneta eskarira egokitu nahi duelako—.

«Puntu honetara iritsi bagara, langileen konpromisoagatik eta borrokagatik da, CEVAko zuzendaritzaren aurrez aurreko eraso bati erantzutea erabaki baitzuen, grebara deituz 22 kaleratzeagatik. Ez da hain harrigarria enpresako zuzendaritzaren eta CEVA kanpoko zenbait sektoreren jarrera. Kaleratzeen bidez langileak beldurtu nahi izan dituzte. Alternatibarik ez dagoela esanez langileak urduri jartzen ahalegindu dira eta erantzuna greba deialdia mahai gainean jartzea izan da. Borrokak ekarri gaitu honaino», ziurtatu du ELAk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.