Ez dute estraditatuko. Hala erabaki du Wikileaksen sortzaile Julian Assangeren auzian arduratzen den Vanessa Baraitser epaileak, AEBetara eramateak kazetariaren buruko osasun arazoak okerragotuko lituzkeelako. «Assange ikusita izan dudan inpresioa da depresioak jotako eta etsita dagoen gizon batena, eta etorkizunak zer ekarriko ote dion beldur den gizon batena», adierazi du Baraitserrek.
Epaitegien iritziz, AEBen estradizio eskaerak baldintza guztiak betetzen dituen arren, Washingtonek ezingo luke bermatu akusatuak bere buruaz beste egingo ez duenik. «Assangek ez lituzke izango Belmarsheko segurtasun handiko espetxeak eskaintzen dizkion segurtasun neurriak, eta AEBek zerrendatutako neurriek ez dute bermatzen hark bere buruaz beste egingo ez duenik», azaldu du epaileak estradizioari ezezkoa eman ostean.
Estradizio eskaria bertan behera geratu dela baliatuta, Assangeren abokatuek eskatu dute hura behin-behinean aske uzteko, baina Baraitserrek atzera bota du eskaria.
Orain AEBetako Gobernuak hamalau eguneko epea du helegitea aurkezteko. Virginiako fiskaltzak (AEB) 175 urteko kartzela zigorra eskatzen du kazetariarentzat, baina Etxe Zuriak zehaztu du horietatik lau eta zortzi urte artean bete beharko lituzkeela. Assangeren abokatuek ohartarazi dute, ordea, horiek Coloradoko segurtasun handiko espetxe batean beteko lituzkeela seguruenik, eta han bakarturik igaroko lituzkeela eguneko ordu gehienak, eta horrek haren osasuna okertzea eragingo lukeela.
Epailearen erabakia baino lehen Assangeren bikotekide Stella Morisek ohartarazia AEBen estradizio eskaria onartzeak kolokan jarriko lituzkeela Erresuma Batuko herritarren eskubideak. «Hondamendia litzateke, bai politikoki eta bai legeari dagokionez ere. Onargarri denaren mugak berridatziko lituzke estradizio eskaria onartzeak. Atzerriko gobernuek kazetarien edo, zergatik ez, Facebookeko erabiltzaileen aurka egin ahal izango lukete argudiatuz euren zentsura legeak urratu dituztela», idatzi zuen Morisek Daily Mail egunkarian igandean.
Erreakzioak
Assangeren aurkako auziak nazioarteko erakunde eta agintarien kritikak jaso ditu, eta haren kontrako estradizio eskaria atzera bota izana garaipentzat jo dute askok. «Estradizio akordioak ez lirateke erabili behar jazarpen politikoa egiteko», gaitzetsi du David Davis diputatu kontserbadoreak. Pozik agertu da John Pilger dokumentalista ere, bera izan da kazetaria askatzeko kanpaina bultzatu duenetako bat ere: «Bikaina da erabakia, baina ez dugu ahaztu behar ebazpena Erresuma Batuaren jarrera lotsagarria estaltzeko modu bat ere badela, Londresek bat egin baitu epaiketa politiko honekin».
Badira hamar urte pasa Assangek sortutako Wikileaks atariak Iraken eta Afganistanen egindako sarraskiei buruzko informazioa zabaldu zuela. Akusazioaren arabera, Chelsea Manning analista estatubatuarra lagundu zuen kazetariak hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan, eta informazio klasifikatua lor zezan ondoren bere atarian argitaratzeko. Defentsak ukatu du halakorik eta dio Assangek eta haren taldeak zabaldutako informazioak ez zuela inor arriskuan jarri. Aldiz, leporatzen diote Washingtoni auzi politiko bat abian jarri izana, Wikileaksek militar estatubatuarrek egindako gerra krimenak argitara atera zituelako.
Wikileakseko editore Kristinn Hrafnssonek salatu du Assangeren aurkako salaketa auzitegietara iritsi izana «adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria» dela. «Nazioarteko erakundeei eta gobernuz kanpokoei entzun beharko liekete AEBek. Haiek aspaldian ari dira eskatzen Assangeren aurkako salaketak erretiratu eta auzia ixteko».
Atariaren sortzailea segurtasun handiko Belmarsh espetxean dago preso 2017an Erresuma Batuko Poliziak Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan atxilotu zuenetik. Haren gertukoek salatu dute enbaxadan eta espetxean igaro duen denborak buruko arazoak eragin dizkiola. Haren estradizioari buruzko auzia saioan medikuek esan zuten Assangek Asperger sindromearen sintomak zituela eta espetxean jarraitzeak bere buruaz beste egitera bultza zezakeela.