Zientzia

Milaka urtez izoztuta egon den errinozero iletsu bat topatu dute Errusian

Inoiz hobekien kontserbaturiko espezie horretako kumea da: barneko organoetako asko, ilea, hortzak eta gantza jaso dituzte, eta baita jandako azkena urdailetik hartu ere. Euskal Herrian, duela 10.000 eta 3.500 urte artean galdu zen espezie hori.

jarraia191815.jpg
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 4a
16:24
Entzun

Lurra berotu ahala, urtu eta urtu ari da Errusian milaka urtez izoztuta egon den lurra, eta permafrost horrek gordeta eduki duena azaleratzen ari da. Orain, duela 20.000 urte Siberian (Errusia) hil zen errinozero iletsu bat agertu da, eta horren ongi kontserbatuta dago, non urdailean zeukan azken jana ere hondatu gabe dagoen.

Siberia ekialdeko Sakha eskualdeko Tirekhtiakh ibaiko bazter batean topatu zuten animaliaren gorpua, joan zen udan, baina orain jakinarazi dute aurkikuntza, eta irudiak plazaratu dituzte. Kalkulatu dutenez, hiru eta lau urte artean zeukan hil zenean. Orain arte eskualdean aurkituriko errinozero iletsurik gazteen artean hobekien kontserbaturikoa da: barneko organoetako asko, ilea, hortzak eta gantza. Haren adarra ere topatu dute.

Siberian Times egunkariak zabaldu duenez, oraindik ezin izan dute Jakutsk hiriburura eraman, itxaroten ari direlako izotz errepideak sortu arte, errinozeroa garraiatzeko.

Alexei Savvin herritarrak topatu zuen gorpu izoztua, eta aurkikuntza ikertu duen Valery Plotnikov zientzialariak esan duenez, animalia itota hil zen, ziurrenera. Oraindik ez dakite arra edo emea ote zen, eta karbono-14 proba egin ez dioten arren, adituak kalkulatu du duela 20.000 eta 50.000 urte artean bizi izan zela animalia.

Inguru berean topatu zuten 2014. urtean beste errinozero iletsu bat: Sasha izena jarri zioten zientzialariek, eta duela 34.000 urtekoa dela ondorioztatu zuten. Munduan aurkituriko lehen errinozero iletsu kumea izan zen; izan ere, zazpi hilabete baino ez zituen hil zenean. Hari esker frogatu ahal izan zen errinozero iletsuek ile geruza sendoa zutela gaztetatik, hotzerako oso ongi moldatuta zeudelako.

Gaur Euskal Herria den eremuan ere bizi izan ziren errinozero iletsuak, Mesolitora arte, Kristo aurreko 10.000 eta 3.500 urte artean. Orduan galdu egin ziren, mamutarekin batera, glaziazioa amaitu zelako, eta eguraldia asko epeldu zelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.