Lehen sektorea

Caparrosoko behi haztegia halako bi handitu ahal izango du Valle de Odietak

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak enpresaren proiektuaren alde ebatzi du, eta Nafarroako Gobernuak esan du onartuko duela erabakia.

Valle de Odietako etxaldea halako bi handitu dezakete jabeek. GREENPEACE
xabier martin
2021eko urtarrilaren 4a
17:39
Entzun

Epaitegiek kendu egin dute Nafarroako Gobernuak jarritako eragozpena Caparrosoko 3.450 behiko haztegia halako bi handitu ez zedin. Hibridacion Termosolar Navarrak eta Valle de Odietak libre dute esnearen merkatua are gehiago baldintzatuko duen etxalde handia handitzeko. Proiektuak jasotzen du 3.450 behitik 7.200 behira handituko dela haztegi hori. Uxue Barkos presidente zuen gobernuak ukatu egin zion enpresari ingurumen baimena, 2018. urtean, baina enpresak auzitara jo zuen, eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu du hein handi batean esnetako behien etxalde handiaren jabeen erreklamazioa. Dagoeneko, Nafarroako Gobernuak iragarri du onartu egingo duela erabaki judizial hori. Hala, Valle de Odieta kooperatibaren esku dago Caparrosoko haztegia halako bi bihurtzen hastea.

Gobernuak, hala ere, azaldu du haztegi handien kokapenaren inguruko arautegi berri bat sortzeko lanean jarraituko duela. Animalien osasunaren legearen balizko aldaketa bat prestatzen ari da Iruñea, «segurtasun juridikoarekin galarazteko Nafarroan horrelako haztegiak kokatzea». Izan ere, gobernuaren arabera, etxalde handi horiek «ondorio larriak ekar ditzakete Nafarroako abeltzainentzat, ingurumenarentzat eta lurraldearentzat, oro har, eragin handiak baitituzte sozialki, ekonomikoki, ingurumenari begira eta osasunari begira ere bai». Bioaniztasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuan dela ere erantsi du Nafarroako Gobernuak. Valle de Odietaren etxaldea eta biometanizazio planta 2010etik daude martxan Caparroson, baina soilik 3.450 behirentzat.

Isunen bilduma bat

Valle de Odietak dozena bat isun ordaindu behar izan ditu gaur arte. 5.531 behi ere izan dituela salatu zuen Compañía de las 3 Rs enpresak. Caparrosoko Udalarentzat, ordea, etxalde hori «beste enpresa bat da». Carlos Alcuaz alkateak (PSN) dio «inbertsio garrantzitsuak egin dituela herrian». Ingurumenarekin lotuta enpresak jasotako isunak direla eta, Alcuazek argitu du udalak ez dituela eskuduntzarik, eta ez duela gaiari buruzko informazio askorik.

Valle de Odietak 20.000 esne behi izango dituen ustiategi erraldoia ireki nahi du Noviercas herrian (Soria, Espainia), Tuteratik 60 kilometrora. Caparrosoko mehatxua ez da bakarra, beraz, ezta handiena ere esnearen alorrean jarduten diren abeltzain txikientzat. Soriako etxalde izugarri horren baimena bere bidea egiten ari da administrazioan, eta enpresa lurrak erosten hasi da Noviercas herri txikian. Herritarrek badakite 20.000 behi ustiatzeko ur asko behar dela, eta haien zimaurra eta pixorrak kudeatzeak erabat hondatu dezaketela lurra, behien kontzentrazio izugarria dela eta. Baina herrian oso jende gutxi bizi da, eta lurrei, «sekula ezer oparorik eman ez duten lurrei», etekina ateratzeko aukera dute. Horrela onartu zioten BERRIAri beren lurrak saltzeko zain zeuden bi jabek.

Horiek horrela, proiektu handi hori hori gauzatzea inbertitzaileen esku dagoela ematen du, Gaztela eta Leongo Junta etxalde erraldoiaren aldeko jarrera azaldu baitu. 20.000 behi buruko haztegi baten presioak esnearen merkatua lehertuko duela ohartarazi dute sektoreko sindikatuek; bistan da kalte izugarria egin dezakeela Caparrosoko etxaldean 7.200 behi egoteak ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.