Enplegua

Urtebetean, 22.517 langabe gehiago

Abenduaren amaieran 168.877 lagun zeuden langabe gisa erregistratuta Hego Euskal Herrian, azaroan baino 2.086 gutxiago. Beste 8.000 lagun gehitu dira aldi baterako erregulazioetara.

Taberna itxi bat, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 5a
09:53
Entzun

Abenduan jaitsi egin da langabezia Hego Euskal Herrian. SEPEren datuen arabera, 169.877 lagun daude langabeen zerrendan, azaroaren amaieran baino 2.086 gutxiago.

Konparaketa duela urtebetekoarekin eginez gero, ordea, langabezia asko hazi da, 2019 amaieran baino 22.517 langabe erregistratu gehiago zeudelako 2020. urtearen bukaeran.

Halaber handitu da ABEE aldi baterako enplegu erregulazioan daudenen kopurua. Abenduaren amaieran 49.659 ziren, hilabete lehenago baino ia 8.000 gehiago. Edonola ere, urteko azken asteetan, ostalaritza mugekin zabaldu ahala, berriro gutxitu dira aldi baterako enplegua galdu dutenen kopurua. Izan ere, abenduan, batez beste, 53.084 langile egon dira egoera horretan.

Gizarte Segurantzan kotizatzen dutenen kopuruetan ere ikusten da enplegu suntsiketa handia eragin duela koronabirusaren krisiak. Batez beste. abenduan 1.246.231 lagun zeuden enplegaturik, azaroan baino 1.356 gutxiago, eta 2019ko abenduan baino 24.212 gutxiago. Lehen aldia da kotizatzaileen kopurua jaitsi dela 2013. urteaz geroztik.

Kalte sakona

Abenduko enplegu datuei begira, euskal ekonomia aurreikusitakoa baino erresistentzia gaitasun «askoz handiagoa» erakusten ari dela uste du Eusko Jaurlaritzak. Hala ere, horrek ez du ezkutatzen pandemiak euskal lan merkatuari egin dion kaltearen «sakontasuna». 

Elena Perez Barredo Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuordearen ustez, «beti da positiboa langabeziak behera egitea», baina egungo baldintzetan, barne produktu gordinean inoiz ezagututako erorketa handienarekin, langabeziaren murrizketa «are inportanteagoa da». 

Lana galdu edo lanik topatu ez duten herritarrak gogoan, Perezek azaldu du Eusko Jaurlaritzak plan bat egin duela galdutako enplegua «lehenbailehen» berreskuratzeko, eta suspertze hori «kalitate irizpideekin» egin dadin. Sailburuordeak enpleguen sorkuntza «bizia» espero du 2021ean, «pandemiak ez badu hori eragozten». Ildo horretan, joan den azaroan langabeziaren jaitsieraren datua azken hamabost urteetako onena izan zen, eta abendukoa tarte horretako bigarren datu onena da. 

Baina horrek ez du ezkutatzen zein sakonak izan den sektore batzuek jasandako kaltea, «batez ere ostalaritza sektoreak nozitutakoa». Kontratazio berrien kalitate «ahula» ere aipatu du Elena Perezek,  emakumezkoen eta gazteen kasuak azpimarratuz. 

Mari Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariaren ustez, lan merkatuaren bilakaera «oso negatiboa» izan da lurraldean, COVID-19aren eraginez. Hori gehien nabaritu dute arlo ekonomiko jakin batzuek eta, bereziki, gazteek eta sektore «prekarizatuenek».

Hala ere, eta aurrera begira, uste du «baikor izateko arrazoiak» badaudela. Batetik, koronabirusarekin loturiko «ziurgabetasunak jarraitu arren», Maeztuk azpimarratu du aurreikuspen ekonomikoek «enpleguaren hazkundea» erakusten dutela. Uste du koronabirusari aurre egiteko txertaketa prozesua funtsezkoa izango dela horretan. Bestetik, Gizarte Segurantzako afiliazioetan «espero baino jaitsiera txikiagoa» gertatu izana ere lagungarri izango dela uste du. Iragarri du, halaber, datozen hilabeteetan enplegu plan berri bat aurkeztuko duela gobernuak, eta gaineratu du Europako funtsen inguruan ere «itxaropen handiak» dituela gobernuak.

Maeztuk azpimarratu du datorren urtean bere sailak «zeregin oso garrantzitsua» izango duela pandemiaren ondorioen aurkako borrokan, eta, aldi berean, enplegua berreskuratzeko lanetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.