AEB

Demokratek eraman dute Georgiako senatari postuetako bat

Lehian dagoen bestea irabaziz gero, Senatuaren kontrola irabaziko du Joe Bidenek, eta horrek asko erraztuko dio agintaldia.

Raphael Warnock ere Youtubeko kanalean hitz egiten, gaur gauean, zenbaketa egiten zuten bitartean. EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 6a
09:34
Entzun

Atzo egin zituzten hauteskundeak AEBetako Georgiako estatuan, Senatura bidali beharreko ordezkariak hautatzeko. Gau osoa eman dute botoak zenbatzen, eta, aurreikuspenen arabera, Raphael Warnock demokratak irabazi dio aulkietako bat, Donald Trump presidentearen alderdiko Kelly Loeffler hautagaiari. Botoen %98 zenbatuta, 30.000 boto ateratzen dizkio Warnockek lehiakideari, eta demokrataren garaipena ziurtzat eman dute AEBetako telebistek eta Associated Press agentziak.

«Erakutsi dugu itxaropenarekin, lan gogorrarekin eta jendea geure alde edukita, dena lor daitekeela», esan du Warnockek. Haren garaipena baieztatzen bada, Georgiak inoiz edukitako lehen senatari beltza izango da Warnock, eta datu hori esanguratsua da, estatua esklabotzaren alde borrokatu baitzen Sezesio Gerran. AEBetako historian bakarrik hamar senatari beltz aukeratu dituzte. Warnock hamaikagarrena litzateke.

Elizgizona da Warnock, eta 51 urte ditu. 1968. urtean hil zuten Martin Luther Kingen jarraitzailea da, eta buruzagi historikoak zuzenduriko eliz batean aritu da Atlantan.

Are eta ikusmin handiagoa dago orain, estatuko bigarren senatari postuarekin gertatzen dena jakiteko. David Perdue hautagai errepublikanoa eta Jon Ossoff demokrata estu-estu ari dira lehian. Demokratek irabazten badute bigarren aulkia, AEBetako senatuaren kontrola irabaz dezakete. Izan ere, 50na eserleku edukiko dituzte bi alderdiek, baina Kamala Harris presidenteordeak berdinketa hauts dezake, Senatuko presidentea baita.

Hala balitz, Joe Biden presidente aukeratuak askoz errazago luke herrialdea gobernatzea, bi ganberen kontrola lukeelako. AEBetako Senatuak Europakoek baino botere handiagoa du legeak onartzeko orduan. Barack Obamaren agintaldian AEBetako presidenteorde izan zen Biden, eta zortzi urteotan demokratek soilik bi urtez, 2008tik 2010era, izan zuten bi ganberen kontrola. 2014tik 2016ra galdu zuten biena. Senatuaren kontrola eduki zuten 2010etik 2014ra, baina ez, ordea, Ordezkarien Ganberarena.

Iragan azaroko hauteskundetan, 1992az geroztik lehenengoz, demokraten hautagaiak jaso zuen boto gehien presidentea aukeratzeko bozketan, baina, salbuespen hori kenduta, Georgia azken hamarkadetan errepublikanoen alde egiten duen estatu bat bilakatu da. Trumpen porrotaz eta iruzur salaketez gain, aurtengo topaketa berezia bilakatu da bozketa berriz egin behar izan dutelako, azaroan hautagai bakar bat ere ez zelako botoen erdira baino gehiagora iritsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.