Urkulluk ohartarazi du egoera «oso larria» dela

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak mezu bat zabaldu zuen atzo gauean sare sozialetan COVID-19aren bilakaera «negatiboa eta kezkagarria» dela esateko. Eguberrietako jai eta ospakizunen eragina datozen egunetan ikusiko dela uste du.

Iñigo Urkullu lehendakaria, artxiboko irudi batean. RAUL BOGAJO/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 6a
11:37
Entzun

Euskadiko Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoa ostiralean eta astelehenean bilduko da koronabirusaren bilakaeraren azterketa egiteko eta indarrean dauden neurrien balorazioa egiteko, eta baliteke horiek gogortzearen alde egitea. Izan ere, kutsatzeen kurba ez da apaldu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Gabonetako jai eta ospakizunen eraginez oso litekeena da kurbak goranzko joera hartzea. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak egoeraren «larritasunaz» ohartarazi zuen atzo gauean, sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Urkulluk adierazi zuen egoera «oso larria» dela une honetan, eta Gabonetako ospakizunen eragina «urtarrilean zehar» ikus daitekeela.

Lehendakariak gogoratu zuen ostiralean eta astelehenean batzartuko dela LABIaren batzorde teknikoa, baina ez zuen aurreratu neurri murriztaile gehiago hartuko diren edo indarrean daudenak bere horretan utziko diren. Hala ere, egoera ikusita, indarrean dauden neurri murriztaileak une honetan ez malgutzearen alde egin zuen lehendakariak, ez bederen lurraldeak «erabateko zaintza eta kontrola eskatzen duen ziurgabetasuna eta arrisku egoeran» jarraitzen duen bitartean. Hori hala, herritarrei eskatu zien prebentzio eta osasun neurriei eusteko.

Lehendakariak herritarrei gogorazi zien indarrean dauden neurriak bete behar direla eta azpimarratu neurriok hartu direla «ondorio sozio-ekonomikoak eta emozionalak» kontuan hartuta. Eguberrien eraginez ohartarazi zuen, halaber: «Urtarrilean zehar jasan dezakegu horren eragina, gure inguruko herrialde askotan gertatzen ari den bezala». Egoera epidemiologikoaren adierazle batzuk Araba, Bizkai eta Gipuzkoa 3.mailatik 4.mailara igaro direla erakusten dute, azpimarratu zuenez. Haren ustez, «geldialdi argia dago azaroaren hasieratik izandako bilakaera positiboan», eta une honetan egoera «negatiboa eta kezkagarria» da.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.