Mikel Barriosen zigorra berretsi du Parisko Dei Auzitegiak, eta kartzelan sartuko dute

Bost urteko zigorra ezarri diote, eta presondegira itzuli beharko du. 18:30ean elkarretaratzea eginen dute Itsasun, erabakia salatzeko.

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko urtarrilaren 7a
15:24
Entzun

Parisko Dei Auzitegiak bost urteko kartzela zigorra ezarri dio Mikel Barriosi, ETAko kide izatea leporatuta, eta, hala, Parisko Zigor Auzitegiak ekainean haren kontra hartutako erabakia berretsi du.

Fijait arau hauste terroristen egileen Frantziako fitxategi judizial automatizatuan sartuko dute Barrios, baina ez du Frantziaren menpeko lurretan egoteko debekurik izanen.

Azaroaren 12an aztertu zuten haren helegitea, eta errekisizio gogorrak egin zituen prokuradoreak. Gaur eman du erabakia epaileak. Hemendik aitzina, ez da helegiterako bide posiblerik gelditzen, Kasazio Auzitegiak forma akatsak baizik ez baititu aztertzen, zigorren balorazioan sartu gabe.

18:30ean elkarretaratzea eginen dute Itsasuko (Lapurdi) sarrerako itzulgunean, Barriosen kontrako erabakia salatzeko.

«Oraindik ez dakigu zer argudio erabili duen dei auzitegiak, ahozko erabakia baizik ez baitu eman, baina mezua argia da», adierazi du Xantiana Cachenault defentsako abokatuak: «Baloratzen du Mikel Barriosek kartzelara sartu behar duela berriz. Hori harrigarria da, egoera politikoari begira, noski, baina bere ibilbide pertsonalari begira ere bai».

2017an atxilotu zuten Barrios, Berlinen, Frantziak haren aurka ezarritako euroagindua baliatuta. Orduan, Osnyko (Frantzia) kartzelan espetxeratu zuten, eta urtebete geroago aske utzi, baldintzapean. Ekainean, ordea, berriz sartu zuten presondegian, bost urteko kartzela zigorrera kondenatu ostean.

Urrian aske gelditu zen berriz, kontrol judizialpean, eta kartzelara itzuli behar duela erabaki dute gaur. «Epaileen logika ulertzea konplikatua da, haien irizpideak kontuan hartuta ere. Esanahi bakarra zigortzea da», abokatuaren arabera.

Cachenaultek esplikatu du oraindik ez dutela finkatu noiz sartu beharko duen presondegian, «prozedura normalaren pean» ezarri baitute. «Bost eguneko epea pasatuta, izan daiteke egun batzuetara, edo hilabete batzuetara». Prozedura horrek luze iraun dezakeela deitoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.