FUTBOLA

Athleticek Angel Villacampa kargugabetu du

Talde zuri-gorriak bederatzi jardunaldi daramatza irabazi gabe, eta horregatik kaleratu dute. Iraia Iturregi jokalari ohiak ordezkatuko du

Angel Villacampa, atzo, Zubietan, derbian. Azken aldiz zuzendu zuen Athletic. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 7a
21:08
Entzun

Ez da giro Athleticen. Aitor Elizegi buru duen zuzendaritzak klubeko lehen bi talde nagusietako entrenatzaileak kargugabetu ditu lau eguneko tarte eskasean. Igandean, Gaizka Garitano kendu zuten kargutik, eta gaur, Angel Villacampa. Garitanori egunean bertan topatu zioten ordezkoa, Marcelino Garcia Toral. Entrenatzaile espainiarra hiru egun geroago eseri zen lehen aldiz talde zuri-gorriaren aulkian, San Mamesen, Bartzelonaren aurka —1-3 galdu zuen Athleticek—. Villacampak ere badu ordezkoa: Iraia Iturregi taldeko jokalari historikoa izandakoa—bigarrena da emakumezkoen taldean partida gehien jokatu dituztenen artean, 402 neurketarekin—. Iturregi bigarren denboraldiz jarraian ari zen bigarren taldea entrenatzen. Marcelinok bezala, hark ere urte eta erdirako kontratua sinatu du, 2022ko ekainaren 30era arte. Athleticen lehen taldea zuzenduko duen aurreneko emakumezkoa izango da. Bihar eguerdian aurkeztuko dute San Mamesen.

Emaitza txarrek kondenatu dute Villacampa. Bolada ezin txarragoan dago taldea: bederatzi jardunaldi daramatza irabazi gabe, azaroaren 5ean Madrili 2-0 nagusitu zitzaionetik. Inoiz ez da Athletic horrenbeste denbora egon garaipena lortu gabe. Azken bederatzi partidetatik sei galdu ditu, eta hiru berdindu. Jokoan egon diren 27 puntuetatik hiru baino ez ditu eskuratu. Bolada oso txar horren ondorioz, sailkapenean makina bat postu egin ditu behera. Gaur-gaurkoz, 11. postuan da, hamalau jardunalditan hamalau puntu lortuta. Lau puntura besterik ez ditu jaitsiera postuak. Baina bolada txarra ligatik harago doa. Izan ere, joan den urriaren 7an Athleticek aukera ederra galdu zuen aurreko denboraldiko Espainiako Kopako finala jokatzeko, baina penaltietan galdu zuen Logroñoren zelaian, hutsean berdindu eta gero.

BERRIAk elkarrizketa egin zion joan den astean Villacampari, eta Joseba Agirre kirol zuzendariaren eta Elizegiren babesa ote zuen galdetuta, esan zuen ez zutela horretaz hitz egin, eta  «arreta osoa egoera iraultzeko konponbideak» topatzean zeukatela. Baina atzo Realaren aurkako derbia galdu izanak haren kargugabetzea eragin du, eta urte eta erdiko aroa amaieraraztea.

Villacampak agurreko oharra atera du, eta bertan dio «ametsa eta pribilegioa» izan dela «Athletic bezalako klub handi bat» zuzentzea, eta «pena» duela ezin izan duelako ohore hori titulu bat irabazita ordaindu, baina «lehen minututik» eman dutela barruan duten guztia, eta «zaila» izango dela inork leporatzea zerbait haien profesionalaren inguruan. Oso eskertuta azaldu da ere Agirrerekin, Elizegirekin, haren teknikari taldearekin, eta batez ere, jokalariekin.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.