EUSKAL PRESOAK

«Bidean aurrera egiteko oinarrizko sei eskakizun» egin ditu Sarek

Milaka lagun elkartu dira Euskal Herriko berrehundik gora plazetan, euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politika bukatzea eskatzeko. Presoak Euskal Herriratzea, gradu progresioa ahalbidetzea, adinekoak eta eri direnak etxeratzea, guraso presoen seme-alaben eskubideak errespetatzea eta Frantzian betetako zigor urteak Espainian kontuan hartzea galdegin dute.

Gasteizen egindako zutabeetako bat. ENDIKA PORTILLO / FOKU
maddi ane txoperena iribarren
2021eko urtarrilaren 9a
17:48
Entzun

COVID-19ak eraginda, herritarrek ezin izan dituzte Bilboko eta Baionako karrikak era masiboan hartu, baina sakabanatuta ere kalera atera dira milaka eta milaka herritar Euskal Herriko berrehundik gora kale eta plazatan. Hego Euskal Herriko herri guztietan adierazpen bera irakurri dute manifestazioetako antolatzaileek, Sareren izenean, eta «oinarrizko sei eskakizun» egin dituzte, «etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egiteko»: euskal presoak Euskal Herriratzea, gradu progresioa ahalbidetzea, adineko presoak eta larriki eri direnak etxeratzea, guraso presoen seme-alabek aita-amekin egoteko duten eskubidea errespetatzea eta Frantziako Estatuko kartzeletan egindako zigor urteak Espainiako Estatuko kartzeletan kontuan hartzea galdegin dute. «Oinarrizko eskakizunak» dira horiek Sareren ustez, «elkarbizitzarako bidean ematen ari garen urratsekin batera garatu beharrekoak».

Bidea Gara lelopean egin dute milaka herritarrek protesta, eta norbanakoen zein eragileen eragiteko gaitasunari egin nahi izan diote erreferentzia esaldiarekin. Izan ere, euskal presoak etxeratzeko bidean urratsak egiten ari direla nabarmendu dute —horien artean dira hurbilketak, gradu progresioak eta Frederique Haranburu Xistor-en baldintzapeko askatzea—, baina, aldi berean, azpimarratu dute ez dela «nahikoa». Halere, urrats horiek «aukera badela, bidea badela» erakusten dute, Sareren ustez, eta aukera hori «baliatzeko» deia egin diete herritarrei, bide hori «finkoa» bilaka dadin: «Horregatik gaude gaur hemen, oraindik badugulako zer ibili, baina badugulako ere ibiltzeko bidea». Horretarako «bermea» herritarrak direla ohartarazi dute: «Gu gara bidea».

Bide horretan antolatu eta kalera atera direnei eskerrak eman dizkie Sarek, «zailtasunak zailtasun, hemen izateagatik». Eta zorionak eman dizkiete herriz herri antolatzen ibili diren pertsona guztiei: «Irudi ederra sortu dugu gaur Euskal Herriko luze zabalean, bejondeigula!».

Elkarbizitzarako ere bai

Sareren ustez, «pozgarria» da «azken urte hauetan norbanako ezberdinak elkarrekin lanean ikustea, elkar ulertzea, elkar entzun eta hitz egitea: aurrerapauso ugari eman dira, enpatia eta giza eskubideak oinarri». Horri «ekarpena» egin diote sindikatu, instituzio eta eragile sozial eta politikoek, Sareren ustez, baita «azalean sufritu eta zauriak dituztenen ahots» batzuek ere: «Elkarbizitzarako nahia agerian utzi dugu, herri gisa aurrera egiteko gogoarekin batera». Elkarbizitza hori bururaino eramateko, ordea, salbuespenezko espetxe politika «behin betiko» amaitzea «beharrezkoa» da, presoen aldeko mugimenduaren ustez, «ezinezkoa baita aurrera egitea oraindik hainbeste sufrimendu sortzen duen egoera hau aldatu gabe». Nabarmendu dute «senideak, eta bereziki haurrak eta adineko pertsonak zigortzen» dituela urruntze politikak, eta hori aldatu egin behar dela. Baina ez hori bakarrik: sufrimendu hori areagotu egiten du larriki gaixo diren presoak espetxean «egoera biziki larrian mantentzeak» eta «presoei ezarritako etxeratze prozesua ahalbidetzen dien gradu progresioa ukatzeak», Sareren ustez, eta bidean aurrera egitea oztopatzen du horrek.

Gaur emandakoa bide horretan «beste pauso bat» da, ordea: «Gaur milaka lagun batu gara herriz herri, bizipen anitzeko pertsonak, pentsamendu ezberdinekoak, minak eta esperantzak barnebiltzen ditugunak, baina guztiak ere, gogo eta nahi beraren baitan elkartu gara: bidean aurrera egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.