Baiona argitu dute, 'Orain Presoak' lelopean

Bakegileek eta Bake Bideak antolatutako bi kilometroko giza katea osatu dute Baionan. 2.000 lagun inguru bildu dira, eta Aturri eta Errobi ibaiak lotu dituzte argien bidez.

Oihana Teyseyre Koskarat.
2021eko urtarrilaren 9a
19:41
Entzun

Txupinazoen gisara hasi dute Baionako mobilizazioa. Lehen eztanda. Lerrokatu dira 2.000 lagun Errobi ibaiaren hertzetik Aturri ibaiaren hertzeraino, bi kilometroko giza katea osatzeko; tartean, Ipar Euskal Herriko 140 hautetsi, eta beste hainbeste elkarteetako, sindikatuetako eta eragileetako ordezkariak. Bigarren eztanda. Aterki zuriak ireki dituzte. Hirugarrena. Argiak piztu dituzte aterkien azpian parte hartzaile guztiek. Argi Dugu, bakearen bidean, Orain Presoak lelopean antolatua zuten Bakegileek eta Bake Bideak ekitaldia, eta argitu dituzte Baionako ibai bazterrak.

«Euskal presoak etxera» oihuen artean eman diote hasiera giza kateari, eta Joaldunek karrikak zeharkatu dituzte alde batetik bestera, suargiak eskuetan. Giza katearen bidea jarraikiz, Errobi ibaia zeharkatu dute arraunlariek gero, eta mirailatu dira horien argiak ere uretan. Piztu diren argiak, ordea, hauskorrak direla oroitarazi du Anaiz Funosas Bakegileak. «Frederic Haranbururen baldintzapeko askatasunarekin piztu zen esperantza izpia, Mikel Barriosen presondegiratze aginduarekin itzali da berehala». Izan ere, Haranbururen baldintzapeko askatasuna onartu zuen Parisko Dei Auzitegiak hainbat ukapenen ondotik, iragan urrian. Haren kondenaren bukaera zaintza elektronikopean bete behar du, Senperen (Lapurdi) duen etxean. Xantal Ergi, Aiziritzeko (Nafarroa Beherea) auzapeza ere mintzatu da Ipar Euskal Herriko hautetsien izenean, Jean François Irigoien Donibane Lohizuneko auzapezarekin batera.

Haranbururekin batera atxilotu zituztenen kasua ekarri du gogora Ergik: «1990etik preso diren Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot presoek oraindik haien askatzea itxoiten dute, behin eta berriz galdetu ondoren Dei Auzitegiak ukatu ondoren».

Bestalde, aste honetan Mikel Barriosen kontra hartutako erabakia salatu zuten Bakegile eta hautetsiek. Ergi: «Parisko Dei Auzitegiak urrats bat gibelera egin du Mikel Barrios bost urteko presondegi zigorrera kondenatuz. Aske utzia izanagatik ere, presondegira itzuli beharko du». Mikel Barrios berak parte hartu du giza katean, Ipar Euskal Herriko hautetsien ondoan. Bere inguruan izan ditu Jean Rene Etxegarai Baionako auzapeza, Michel Veunac Miarritzeko auzapez ohia, Emilie Dutoya Akitania Berriko Eskualdeko ordezkaria, eta Eneko Aldana Ziburuko auzapeza, besteak beste.

Aitzinapausoen beharra

Funsosasek argi utzi du, Bake prozesuaren izenean, atzera pausorik ez dutela gehiago onartuko: «Gure zainekin jostatzea ez dugu onartzen. Bake prozesuaren kontrako neurririk ez dugu gehiago onartzen, ez gibelera egite, ezta statu quorik ere: aitzinatu behar dugu». Aieteko Konferentziaz geroztik hamar urte iragan direla oroitarazi dute hautetsi eta Bakegileek, eta hamarkadan zehar eramana izan den lana txalotu nahi izan dute aho batez. «Badu orain hamar urte euskal jendartea bere aniztasunean eta osoki mobilizaturik, bake prozesuaz jabetu dela. Konbentzituak gara beste aukerarik ez dela, eta Herri honi eskaintzen ahal diogun proiektu ederrena dela», gehitu du Funosasek.

Bakegileek nola, hautetsiek ere bat egin dute Bake Prozesuan barna aitzinatzeko gogoarekin. Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek gehiengo zabalean gaurko mobilizazioari sostengua erakusteko mozio bat bozkatu zuten. «Euskal Herrian indarrean den dinamikarekiko axolagabekeriarekin gelditzea galdetzen diogu [Frantziako] Gobernuari. Dinamika horrek, hautetsiak eta jendarte zibila biltzen ditu bere aniztasunean eta osagai desberdinetan, bake iraunkor baten nahikeriaren inguruan», berretsi du Ergik.

Urrats berrien beharra azpimarratu dute Bakegileek eta hautetsiek. Hautetsiek Frantziako Gobernua «konbentzitzeko» prest direla argi utzi dute: «Gobernatzen gaituztenak konbentzitu beharko ditugu behin betiko bakearen aldeko aldarrikapena zilegi dela».

Giza-kateari bukaera emateko suziriak bota dituzte Marengo zubitik. 18:30ean bukatu da giza katea, Ipar Euskal Herrian 20:00etatik aitzina baitago indarrean etxeratze agindua. Aurten ez da izan beraz, aurrekoetan bezala, ekitaldi ondoko bestarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.