AEB-ak

Demokratek hasi dute Trumpen aurkako 'impeachment' prozesua

AEBetako Gobernuaren aurkako «matxinada» bultzatzea egozten diote estatuburuari. Buruzagi errepublikanoa da bi epaiketa politikori aurre egin beharko dien lehen presidentea.

Donald Trump, Daltonen, joan den aste hasieran. ERIK S. LESSER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 11
11:55
Entzun

Donald Trump presidentea kargutik kentzea jarri dute helburu demokratek, eta egin dute lehen urratsa. David Cicilline, Ted Lieu eta Jamie Raskin ordezkariak aurkeztu dute hura auzipetzeko eskaria, baita zehaztu ere haren kontrako salaketa: AEBetako Gobernuaren aurkako «matxinada» bultzatzea. Demokratek prozedura azkarra jarri nahi izan dute abian, baina errepublikanoek galarazi egin dute, eta ohiko bideei jarraituko die eskariak. Era batera edo bestera, bi epaiketa politikori aurre egingo dien lehen presidentea bilakatzeko bidean da Trump.

Salaketak zehazten duenez, hauteskunde egunean bertan, eta emaitzak oraindik ofizial egin aurretik, bere burua garailetzat jo zuen Trumpek, eta urtarrilaren 6an jarraitzaileak «Gobernuaren aurka egitera» bultzatu zituen komunikabideen bidez zabaldutako hitzaldi batekin. Salaketak Georgiako Estatu idazkariari egindako deia ere jasotzen du, zeinean estatuburuak eskatu zion «milaka boto batzuk» aurkitu zitzala Joe Biden demokrataren garaipena iraultzeko. «Honekin guztiarekin Trump presidenteak arrisku larrian jarri zituen AEBetako segurtasuna eta instituzioak», dio testuak.

 

 

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidenteak iragarri zuen joan zen astean, eta bi egunen buruan ultimatum bat egin dute: 24 orduko epea eman diote Mike Pence presidenteordeari konstituzioko 25. zuzenketa martxan jartzeko, eta, hala egiten ez badu, impeachment edo epaiketa politikoa egingo diote. Epaiketa hori dagoeneko abian den arren, prozesuak aurrera egingo badu Ordezkarien Ganberak berretsi behar du.

Pelosik zabaldu duenez, Ordezkarien Ganberak ebazpen bat onartu beharko luke gaur presidenteordeari ofizialki eskatzeko Trump kargutik kentzea. Hala, egun bateko epea luke Pencek erantzuteko, eta, hura eskariarekin bat etorriko balitz, bihar onartuko lukete prozedura hastea. Aldiz, erantzuna ezezkoa balitz, impeachment-arekin aurrera jarraituko lukete, eta «ahalik eta azkarrena» onartuko lituzkete Trumpen aurkako karguak; zenbait iturriren arabera, asteazkenean bertan. «Gure konstituzioa eta demokrazia babeste aldera, azkar mugitu behar dugu, presidente honek berehalako arriskuan jartzen baititu biak», ohartarazi du buruzagi demokratak.

Ordezkarien Ganberako 22 ordezkari demokratetatik 210ek dagoeneko sinatu dute Trumpen aurkako prozedura hasteko ebazpena, eta hor zehazten da ezen, estatuburua legealdia amaitu aurretik kargutik kendu ezean, «arriskutsua» litzatekeela «segurtasun nazionalerako». Errepublikanoen artean, jarrera ez da horren argia —orain arte Trump kargutik kentzearen aurka agertu da Pence—, baina ugarituz doaz estatuburuaren azken egunetako jarrera gaitzesten dutenak, nahiz eta jakin horrek errepublikanoen alde bozkatu duten milaka hautesle haserrearaziko dituela. Zenbaitek, Pennsylvaniako Patrick J. Toomeyk besteak beste, dimisioa emateko eskatu diote Trumpi.

Bien bitartean, prestaketak aurrera doaz Washingtonen. Alderdi Demokratak lanera itzultzeko deia egin die ordezkariei, eta gehienak hasiak dira Kapitoliora itzultzen, asteazkeneko balizko bozketarako. Ordezkarien Ganberak presidentearen aurkako epaiketa hastea erabakiko balu, Senatura igaroko litzateke auzia, baina eskualdatzea atzeratzeko aukera ere izango luke Ordezkarien Ganberak. Kontuan izanik Trumpen legealdia urtarrilaren 20an amaituko dela, litekeena da behe ganberak lekuko aldaketa hilabete batzuk atzeratzea, Joe Biden presidenteari agintaldi hasiera errazteko. Horren aldekoak dira ordezkari demokrata asko, tartean Hego Carolinako James E. Clyburn.

Bidenek berak ez du adierazpenik egin Trumpen aurkako prozedurez, baina nabarmendu du aurrera egitea erabakiko balute azkar erabaki beharko dutela; izan ere, behin administrazio berria lanean hasten denean, pandemiari aurre egiteko neurri berriak onartzeko lanean jarriko dituzte bi ganberak. «Guk gure lana egingo dugu, eta Kongresuak erabaki beharko du nola egiten duen berea», esan zuen Bidenek joan den ostiralean, administrazioko kide berriak aurkezteko eskainitako prentsaurrekoan.

Prozedurak aurrera egingo balu, bi auzi politikori aurre egin behar izan dien lehen presidentea litzateke Trump, baita legealdiko azken egunetan, edo kargua utzi ostean, epaiketa politiko bati aurre egiten dion lehena ere. Bestetik, impeachment prozesuaren lehen helburua estatuburua kargutik kentzea litzatekeen arren, kasu berezi honetan buruzagi errepublikanoa boterean egongo ez litzatekeenez, lehenik Senatuak erabaki beharko luke hura errudun edo errugabe den, eta, erruduntzat joz gero, inhabilitatzeko aukera izango luke. Lehen urratsa egiteko —hau da, presidente bat kargutik kendu edo erruduntzat jotzeko—, beharrezkoa da Senatuko bi herenek aldeko botoa ematea; aldiz, inhabilitatzeko, nahikoa da gehiengo soila —egun senatari kopuru bera dute demokratek eta errepublikanoek, baina, berdinketa kasuan, Kamala Harris presidenteorde demokratak luke azken hitza—.

Babes nahikorik ez

Aurreko aldian bezala, oraingoan ere demokratek ez lukete arazorik izan behar Ordezkarien Ganberak epaiketa hastea onartzeko. Zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, errepublikanoen artean ere badira impeachment-aren alde bozkatuko luketenak, nahiz eta publikoki aitortu ez.

Baina, hala ere, gaur-gaurkoz, demokratek ez dute babes nahikorik Senatuan Trump erruduntzat jotzeko. Beraz, litekeena da, auziak aurrera egingo balu ere, beste behin buruzagi errepublikanoa errugabe irtetea. Dena den, prozedurak berak kalte egingo lioke alderdiaren irudiari, batez ere azken egunetan Trumpengandik urrundu direnei, bi aldeetatik jasoko bailituzkete kritikak, jarrera argiago bat hartu ez izanagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.