Yemen

AEBek «talde terrorista» izendatuko dute huti mugimendu xiita

Yemengo huti mugimendua «Iranen babespeko milizia hiltzailea» dela esan du Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak. Izendapen horri erantzuteko eskubidea dutela ohartarazi dute xiitek.

Mahoma profeta omentzko hutiek egindako mobilizazio jendetsu bat, 2019an, Yemengo Sanaa hirian. EFE
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 11
14:06
Entzun

Etxe Zurian aldaketa emateko egun gutxiren faltan, AEBek Yemenekin eta, batez ere, Iranekin dituen harreman diplomatikoak are gehiago zaildu ditzakeen erabakiaren berri eman du Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariak. Yemengo huti mugimendu xiita «talde terrorista» izendatzeko asmoa iragarri du, ohar baten bidez. Pompeok jakinarazi duenez, Kongresuari eskatuko dio Ansar Ala mugimenduko —mugimenduaren berezko izena— buruzagi Abdulmalik al Huthi, Abd al Jalif Badradin al Huthi eta Abdula Yahya al Hakim nazioarteko terroristen zerrendan sartzeko. «Izendapen hauek Ansar Alaren terrorismoari aurre egiteko tresnak emango dizkigute» adierazi du Pompeok, eta Ansar Ala «Iranen babespeko milizia hiltzailea» dela. Xiitek «euren ekintza terroristengatik ordain dezaten» eskatu du Pompeok, eta izendapenak AEBei horretarako aukera emango diela azaldu du.

Yemengo egoera hobetzeko estrategiaren barruan kokatu du erabakia AEBetako Estatu idazkariak. «Iranen esku hartzerik izango ez duen eta bere bizilagunekin bakean egongo den Yemen baketsu, subirano eta batu bateranzko» urratsak ematea du xede Etxe Zuriaren erabakiak, haren arabera. Hala ere, kezka agertu du erabakiak Yemengo «egoera humanitarioan izan dezakeen inpaktuarengatik». Zentzu horretan, erabakiaren ondorioak arintzeko neurriak martxan jarriko dituztela iragarri du.

«Jende asko hil duen, herrialdea desegonkortzen duen eta Yemengo gatazkari irtenbide baketsu bat ukatzen dien» kanpaina baten erantzule egin ditu Pompeok hutiak, eta «talde terrorista moduan» jarduten dutela salatu du. Gogor kritikatu du mugimendu xiitaren eta Irango Gobernuaren arteko harremana, eta Iranek Ansar Ala armaz laguntzen duela esan du.

Huti mugimenduko buruzagi Mohammed Ali al Huthik Twitter bidez erantzun dio izendapenari: «Estatu Batuak dira terrorismoaren jatorria. Beraien politikek pentsamendu krisi bat erakusten dute. Erabakia gogor kondenatzen dugu, eta Trumpen gobernuak nahiz beste edozein gobernuk egin ditzaketen sailkapenen aurrean erantzuteko eskubidea aldarrikatzen dugu». Era berean, Yemengo herritarrek halako sailkapenekiko duten atxikimendu falta nabarmendu du, eta AEBak egin ditu «Yemengo herria hiltzearen eta gosez hiltzen uztearen» erantzule.

Adengo erasoa

Yemengo Gobernuak txalotu egin du AEBen erabakia, ohar batean, eta «hutien aurkako presio politikoa eta legala» areagotzeko deia egin du, gatazkari «irtenbide baketsu bat emateko baldintzak» sor daitezen. Era berean, hutiei egotzi die duela bi aste gobernuari eraso egin izana. Yemengo batasun gobernu eratu berriari eraso egin zioten Aden hiriko airerportuan, eta dozenaka hildako izan ziren. Hutiek, ordea, ukatu egin dute erasoak haiek egin zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.