Peru

Bertan behera utzi dute antzutze behartuen auzian Fujimoriren kontrako akusazioa zehazteko saioa

Ehunka emakumek Peruko presidente ohia salatu zuten, 1990eko hamarkadan behartuta antzutu zituztelako, estatuak diseinatu zuen programa bati jarraituz.

Behartutako antzuzeen biktimen senideak, manifestazio batean, 2019ko urtarrilean, Liman. ERNESTO ARIAS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 11
16:21
Entzun

Peruko Fiskaltzak Alberto Fujimori presidente ohiaren kontrako zigor eskaria zehaztu behar zuen gaur, epailearen aurrean, antzutze behartuen auzian. Harentzat ez ezik baita gainerako akusatuentzat ere. Presidente ohiarekin batera, auzipetuta daude Eduardo Yong Motta, Marino Costa Bauer eta Alejandro Aguinaga Fujimoriren agintepean (1990-2000) Osasun ministro izandakoak. Baina auzi saioa bertan behera utzi dute, eta zigor eskaera zehazteko unea atzeratu egingo dute hirugarren aldiz.

Auzi saioa hasi aurretik, azkartasunez eta gardentasunez jokatzeko eskatu dio Antzutze Behartuek Kalte Egindakoen Elkarteak Peruko justiziari, baina biktimek zain jarraitu beharko dute. Hogei urte baino gehiagoren ondoren, biktimek inoiz baino gertuago ikusten zuten luzaroan esperotako urratsa: antzutze behartuengatik akusazio bat mamitzea eta Peruko justiziak gertaera horiek gizateriaren kontrako krimen gisa ikertzen hastea. Ez da, baina, halakorik gertatu oraingoz. Auzitegiak datozen egunetan zehaztuko du hurrengo saiorako data berria.

Auzitegiak azaldu duenez, saiora deituta zegoen itzultzaileak kitxuaren aldaera bakarra ezagutzen du, eta ez hainbat biktimak hitz egiten dutena. Hori dela eta, hurrengo saiora biktima guztien kitxua aldaerak interpretatzeko gai diren itzultzaileak deitzea erabaki du, eta gaurko saioa bertan behera uztea.

Saioa telematikoki egin da, baina Fujimorik ez du parte hartu. Bere abokatuak jakitera eman du medikuen zaintzapean dagoela, oxigeno eskasiagatik, eta gaineratu du ez duela saioan parte hartzera derrigortuta. Epaileak onartu egin du abokatuaren argudioa. Presidente ohia espetxeratuta dago 25 urteko kartzela zigorra betetzen, bi hilketa eta bi bahiketa egotzita.

Justiziak 1.321 emakumeren kasuak jasotzen dituen salaketari erantzun behar dio: 1995 eta 2000 urteen artean antzutzera behartu zituzten. Guztiei eragin zizkieten lesio larriak, eta horietako bost hil egin ziren beren borondatearen kontrako esku hartze klinikoen ondorioz.

Biktima kopurua salaketan jasotakoa baino handiagoa da, ordea. Peruko Justizia eta Giza Eskubideen Ministerioak sortutako erregistroan 5.000 emakume baino gehiago jaso dira antzutze behartuen biktima gisa; gehienak, emakume indigenak. Arartekoaren esanetan, berriz, behartutako 272.000 tronpa lotura eta 22.000 basektomia egin ziren 1996 eta 2001 artean: ustez, gobernuak diseinatutako plan baten barruan, gizartearen sektorerik pobreenetan jaiotze tasa murrizteko helburuarekin. Peruko Kongresuko ikerketa batzorde baten arabera, 315.000 emakume inguru atzetu zituzten gobernuaren sustatu zituen neurrien bidez. Cladem Emakumeen Eskubideen Latinoamerikako eta Karibeko Komitearen arabera, horietatik soilik %10 izan ziren espresuki esku hartzerako baimena eman zutenak.

Presioak eta mehatxuak
Fujimoriren gobernuak Ugalketa Osasunerako eta Famila Planifikaziorako Programa onartu zuen 1995. urtean. Hainbat emakume elkartek salatu dutenez, gobernuak presioak eta mehatxuak erabili zituen programaren bidezko antzutzeak behartzeko. Biktimek nabarmendu dute ez zitzailela tronpako loturari buruz eta esku hartze horren ondorioei buruz behar bezala informatu.

Kongresuko ikerketa batzordeak, biktimen elkarteek eta giza eskubideen aldeko hainbat eragilek bildu dituzten testigantzek deskribatzen dituzte nola hertsatu zituzten. Kasu batzuetan, erditu berri zituzten haurrak ez erregistratzearekin egiten zieten mehatxu, aurretik kirofanotik pasatzen ez baziren. Beste batzuetan, abortoak eragitearekin. Presio psikologikoa ere salatu dute: arduragabekeria edota beren egoera ekonomiko ezegonkorra aurpegiratuta. Etxeetan erizainen bisitak jaso zituzten zenbaitek, ospitaletik pasatzen ez baziren Poliziarekin itzuliko zirela ohartarazteko. Anbulantziak ere bidaltzen zizkieten etxe atarira bila, eta hainbatetan indarrez eraman zituzten. Kanpainak egin ziren metodo antikontzeptiborik onena tronpen lotura zela ziurtatzeko, eta atzeraezinak ez diren beste neurri batzuk baztertzeko. Makilaren ordez azenarioa ere eskaini zitzaien. Elikagaiak eta sendagaiak, emakume pobreak konbentzitzeko, eta «pizgarri ekonomikoak» beren senarrei, baimen bat sinatu zezaten, beren emazteei «borondatez» antzutzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.