Ertzaintzak indarkeria zantzuak topatu ditu Getxon aurkitutako gorpuzkietan

Gorputz zatiei nahita moztutakoak izan ziren itxura hartu die Ertzaintzak, baina oraindik ez daukate hipotesi argi bat. Igandean hanka zati bat agertu zen Arrigunaga hondartzan, eta, atzo gorpuzki gehiago topatu zituztenez gero, inguruko hondartzetara zabaldu dituzte bilaketa lanak

Ertzaintzak kriminalitate zantzuak topatu ditu Getxon aurkitutako gorpuzkietan.
Erredakzioa
2021eko urtarrilaren 12a
20:03
Entzun

Getxoko (Bizkaia) Arrigunaga hondartzan topatutako gorpuzkiek indarkeria zantzuak izan ditzakete Segurtasun Sailekoek adierazi dutenez. Herritar batek eman zuen abisua igandean, 09:30 aldera: pertsona baten hanka zati bat topatu zuela Getxoko hondartzan. Aurkikuntzaren berri eman bezain laster, ingurua miatzeko operazioa jarri zuen martxan Ertzaintzak, Txakur Unitatea eta Zaintza eta Erreskate Unitateak mobilizatuz. Bilaketa lan horietan, gorpuzki gehiago topatu zituzten hondartza inguruetan atzo eguerdian. Horiek ikertzen hasia da Ertzaintza, eta gorputz zati horiei nahita moztutakoak izan diren itxura hartu die. Dena den, esan dutenez, oraindik goizegi da ondoriorik ateratzeko, eta ikerketa ildo denak zabalik dituzte.

Laborategian egingo dituzten proben bidez, aurkitutako gorpu zatien nondik norakoak argitu nahi dituzte: adina, altuera, hil zenetik zenbat denbora igaro den... Era berean, DNA probak ere egingo dizkiete gorpuzkiei, desagertuta dauden pertsonen eta irekiak dituzten kasuen datu baseetako datuekin alderatzeko asmoz. Atzo bertan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu zuenez, aurkitutako gorpuzkien jatorria ikertzeko hainbat hipotesi zituzten; besteak beste, desagertutako arrantzale bat izatea, edo Euskal Herritik urrun itsasora eroritako norbait izatea. Nahita eragindako hilketaren hipotesia ere mahai gainean daukate oraintxe, azken aurkikuntzak kontuan izanda.

Horrez gain, Ertzaintza Arrigunaga hondartzako inguruak ikertzen dabil oraindik ere. Txakur Unitatearekin batera, hiru edukiontzi aztertzen ari dira; Arrigunagako hondartzan ez ezik, miaka dabiltza Ereagan eta Gorrondoatxan ere. Inguruko kostaldean ere hainbat urpekari eta ontzi ari dira bilaketa lanetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.