Zer egin daiteke Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan?

Eusko Jaurlaritzak iragarritako neurri berriak gaur sartu dira indarrean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eusko Jaurlaritzak ere ohiko zalantzen inguruko argibideak eman berri ditu, eta, horiek kontuan izanda, gida bat prestatu du BERRIAk.

Haur batzuk futbolera jolasten. MONIKA DEL VALLE/ FOKU
Edurne Begiristain.
2021eko urtarrilaren 12a
11:33
Entzun

Atzo argitaratu zen dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, eta gaurtik aurrera, neurri berriak indarrean dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Labiren aholku batzordeak hala erabakita. Abendutik indarrean zeuden neurri batzuk gogortzea erabaki du —bereziki joan-etorriekin zerikusia dutenak—, eta beste batzuk bere horretan utzi ditu —ostalaritzari eragiten dioten neurriak eta etxeratze agindua, besteak beste—. Hala ere, hainbat neurri malgutzearen alde ere egin du Labik, eta orain arte debekatuta zeuden zenbait jarduera baimendu ditu: besteak beste, eskola kirola abiatzeari oniritzia eman dio, eta joko eta apustu etxeak irekitzea baimendu du.

Hona hemen gaurtik aurrera indarrean egongo diren neurrien inguruko gida txiki bat:

Beste probintzia batera joan ahal da?
Ez. Gutxienez otsailaren 1a arte, ezingo da norbera bizi den lurraldetik atera, eta ezin izango da beste probintzia batera joan: arabarrak Araban soilik mugitu ahal izango dira, bizkaitarrak Bizkaian zehar, eta gipuzkoarrak, Gipuzkoan. Probintziatik atera ahal izango da, bakarrik ondorengo kasuetan eta behar bezala justifikatuta badago: osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko.

Justifikatu egin behar al dira irteera horiek?
Bai. Jaurlaritzaren dekretuan bertan eta gaur kaleratu duen ohiko galdera-erantzunen dokumentuan erantzukizunpeko adierazpenaren eredu bat eskaintzen da, eta eredu hori erabil daiteke lekualdaketaren arrazoia egiaztatzeko, beste modu batetik justifikatu ezin bada.

Udalerritik atera ahal izango da?
Bai, salbuespen batekin: azken hamalau eguneko intzidentzia tasa 100.000 biztanleko 500 positibotik gora duten herrietan, debekatuta egongo da haietatik irtetea, baita alboko herrietara joateko ere. Udalerritik atera ahalko da, soilik ezinbesteko jarduerak egiteko bada, hau da, osasun arrazoiengatik, lan egiteko, ikasteko, menpekotasun bat duten pertsonak, edota haurrak eta adinduak zaintzeko, eta jarduera profesionalak egin ahal izateko.

5.000 biztanletik beherako udalerrietan, zer?
Azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 500 positibotik gora duten 5.000 biztanletik beherako herrien kasuetan, Jaurlaritzak tokian tokiko egoera aztertuta erabakiko du horiek itxi ala ez.

Noiz jakingo da zein udalerri itxiko dituzten?
Astero, astelehenetan eta ostegunetan eguneratuko da itxita egongo diren udalerrien zerrenda Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren webgunean. Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera egongo da indarrean udalerri horien itxiera.

Beste probintzia batean dauden udalerri mugakideetara joan daiteke?
Bai. Dekretuak jasotzen du udalerri mugakideetarako joan-etorriak baimenduta egongo direla, nahiz eta udalerri horiek beste lurralde historiko batean egon. Hori bai, ezingo da Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik kanpo dagoen udalerri mugakide batera sartu, Euskal Autonomia Erkidegotik irtetea debekatuta baitago. Salbuetsita egongo dira mugakide diren udalerrien arteko joan-etorriak baldin eta azken hamalau egunetako intzidentzia metatua 500 kasutik gorakoa bada udalerri horietan.

Joan ahal da beste udalerri batera erosketak egitera bizi garen udalerria gune gorrian badago?
Ez. Ez dago baimenduta 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerrietatik irtetea edo sartzea, funtsezko erosketa eta zerbitzuetarako ez bada.

Irten ahal da EAEtik arrazoi justifikatuengatik?
Bai, baimenduta daude behar bezala justifikatutako lekualdaketak, baldin eta urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan aurreikusitako salbuespenetako batengatik gertatzen badira.

Baimenduta al dago senideak bisitatzeko beste udalerri batera joatea?
Soilik bizilekua dugun probintzia barruan baldin badago; bestela, ez.

Joan al daiteke beste lurralde historiko batera pertsona bat aireportura, geltokietara eta abarretara jasotzera edo eramatera?
Bai.

Eraman al daitezke seme-alabak beren kirol jarduera egitera, baldin eta 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duen udalerri batean badago?
Ez. 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerriak itxita egongo dira, eta ezin izango da inor sartu edo atera udalerriaren mugatik, justifikatutako kasuetan izan ezik. Gainera, herri horietan, taldekako kirola bertan behera geratuko da.

Dibortziatuen kasua: dibortzio epaiak astean bitan seme-alabekin egoteko aukera ematen du, baina seme-alabak beste herri batean bizi dira. Bisita hauek egitera joan ahal da?
Baimenduta daude seme-alabak zaintzeko joan-etorriak dibortzio epai bat tartean dagoenean.

Animalia batzuk zaindu eta elikatzeko, beste probintzia bateko udalerri batera mugitu ahal da? Nola justifikatu daiteke?
Animaliak artatzeko joan-etorriak baimenduta daude. Animalien jabetza egiaztatzen duen edozein agiriren bidez justifika daiteke, edo, bestela, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, arreta zein helbidetan emango zaien zehaztuta.

Nola justifikatuko litzateke agintaritza baten aurrean beste probintzia batera joan-etorri baten motiboa adinekoen edo adingabeen zaintza dela?
Pertsona arduradunak emandako egiaztagiriaren bidez; horretarako, familia lotura frogatu beharko da, eta zainduko den pertsonaren identifikazio datuak eman beharko dira. Era berean, zaintzailearen erantzukizunpeko adierazpen baten bidez egiazta daiteke, artatuko den pertsonaren helbidea eta telefonoa zehaztuta.

Joan ahal da beste udalerri bateko tabernara, bizi garen udalerriak 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua badu?
Ez. 100.000 biztanleko 500 edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerrietan, mugatua dago udalerriaren mugetatik atera edo bertara sartzea.

Murgian bizi gara, eta ohiko ile apaindegia Gasteizen dugu. Joan gaitezke haraino?
Bai. Bizilekuaren probintzia barruan mugitzea baimenduta dago.

Artziniegakoa naiz, eta Bilbora joan ohi naiz erosketak eta bestelako jarduera sozioekonomikoak egitera. Egin dezaket hori, beste lurralde historiko bat bada ere?
Ez, bizitokia dugun probintzia barruan bakarrik mugitu ahal da; kasu honetan, Araban.

Joan ahal da Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik kanpo dagoen bigarren etxebizitzara?
Ez. 926/2020 Errege Dekretuan autonomia erkidegoen arteko mugimendua mugatzeko aurreikusitako salbuespenen batean salbu.

Joan ahal da Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan dagoen bigarren etxebizitza batera?
Bizi garen probintzia berean baldi badago bakarrik.

Baimenduta al dago adinekoen egoitzetara joatea?
Bai, betiere zentroak berak baimendutako bisitak badira.

Baimenduta al dago espetxeetara joatea?
Bai, baina, horretarako, Espetxeetako Agintaritzak emandako baimen egokia beharko da.

Nola arautzen dira enklabeak diren udalerriei dagozkien gaiak?
Enklabeak diren udalerriek inguratzen dituen probintziaren berezko tratamendua jasotzen dute (Trebiñu, Villaverde,...).

Etxe bat daukat alokatuta beste autonomia erkidego batean eta giltzak batzera joan behar dut, errentariak etxea utziko baitu. Irten naiteke erkidegotik?
Jarduera hori atzeratzerik ez badago, ezinbesteko kasutzat jo daiteke.

Nola justifikatzen da joan-etorrien arrazoia?
Beste frogabiderik ez dagoenean, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu ahal izango da. Adierazpen hori sinatutako dokumentu bat da, eta adierazten du dekretuan ezarritako baldintzak betetzen dituela, mugikortasun mugaren salbuespenak justifikatzeko.

Zer gertatzen da dagoeneko bidaiatzeko hegazkin-txartela erosita badago?Baliogabetu egin behar da?
Bidaiaren arrazoiaren arabera: bidaiaren arrazoia aisialdia bada, ezin da bidaiatu. Alarma egoera deklaratzen duen urriaren 25eko 926/2020 Errege Dekretuaren 6.1 artikuluan jasotako salbuespenetako batengatik bada, hegaldiari eutsi ahal izango zaio, betiere behar bezala justifikatzen bada.

Noiz arte egongo dira indarrean neurriak?
Gutxienez hogei egunez iraungo dute; hau da, otsailaren 1era arte.

Ostalaritza irekita egongo da aurrerantzean ere?
Bai, ostalaritza irekita egongo da, gaur egun indarrean dituen muga berberek baldintzaturik. Hau da, 20:00etatik 06:00etara itxita egon beharko dute. Eremu gorrian dauden herrietan, ordea, ostalaritza itxita egongo da, orain arte bezala.

Jaso eta banatu al daitezke janari eskaerak ostalaritza establezimenduetan?
Bai. Eskaerak 21:00ak arte entregatu ahal izango dira, establezimenduan bertan ordua eskatuta, eta, edonola ere, itxita egon beharko da jendaurreko beste edozein zerbitzutarako. Etxez etxeko banaketa 22:00ak arte egin ahal izango da.

100.000 biztanleko 500 kasu edo gehiagoko intzidentzia tasa metatua duten udalerrietan ere bai?
Bai.

Barran kontsumitu ahal izango da?
Ez, debekatuta egongo da aurrerantzean ere, eta, taberna barruan, soilik eserita kontsumitu ahal izango da. Terrazak osorik bete ahalko dira, baina taberna barruak %50 bakarrik.

Ikus al daiteke taldean futbol partida bat taberna baten barruan?
Ez.

Baimenduta al dago ostalaritza establezimenduetan jolas, joko edo apustu makinak erabiltzea? Establezimendu horietan ezin da jolas, joko edo apustu makinarik erabili.

Saltokietako edukiera mugatuko dute?
Bai, jende pilaketak eragozteko. Saltokietako gehienezko edukiera %40ra murriztuko da 150 metro koadro baino gehiago duten saltokien kasuan, eta gainerako establezimenduetan, berriz, %60ra murriztuko da. Merkataritza guneen kasuetan, solairu eta denda bakoitzeko gehienezko edukiera %40koa izango da. Merkataritza guneetan dauden haurrentzako guneak eta atseden guneak itxita egon beharko dira.

Zein ordura arte egongo dira saltokiak irekita?
Orain arte bezala, 21:00etarako itxita egon beharko dute.

Joko eta apustu etxeek ireki ahal izango dute?
Bai. Berriro ireki ahal izango dira joko eta apustu etxeak, ostalaritzari ezartzen zaizkion baldintza berberak beteta.

Zer baldintzaren pean irekiko dira berriro joko eta apustu etxeak?
Joko eta apustu jarduerak banaka egin beharko dira, eta pertsonek eserita egon beharko dute. Gehienez sei laguneko taldeak izango dira. Jokalarien artean, 1,5 metroko distantzia gorde beharko da. Joko posizio bateko parte hartzaileen aldaketa bakoitzean bermatu beharko da erabilitako espazioa garbitu egiten dela eta ez dela objekturik trukatzen.

Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak ireki al daitezke?
Ez. Txokoak, elkarte gastronomikoak, lonjak eta antzekoak itxita egongo dira.

Eskola kirola martxan jarriko dute?
Bai, baimenduta egongo da eskola kirola egitea, baina soilik entrenamenduetarako. Hiru baldintza bete beharko dira: gehienez sei laguneko taldeetan egin ahalko dira entrenamenduak, taldeko kideek beti berberak izan beharko dute, eta ezin izango da aldagelarik erabili.

Eremu gorriko herrietan eskola kirola abiatu ahal izango da?
Ez. 100.000 biztanleko intzidentzia metatua 500 kasutik gora duten herrietan, eskola kirola bertan behera geratuko da.

Taldean kirola egin ahal da?
Hamalau eguneko intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da, aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean sei laguneko taldeetan gehienez ere.

COVID-19aren kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratuko da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak, gimnasioetan, kirol klubetan edo kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak, eta jarduera fisikoa eta kirol jarduera, aire zabalean eta gehienez sei laguneko taldeetan.

Irten al daiteke korrika egitera edo bizikletan taldean ibiltzera?
Federatu gabeko kirol jarduera fisikoa bakarka edo taldeka egin ahal izango da aire zabalean, kontaktu fisikorik gabe, eta aldi berean 6 laguneko taldeetan, gehienez ere.

Kendu al daiteke maskara, bakarka, hiri inguruetan kirola egiten dudan bitartean?
Kirol jarduera orotan, nahitaez erabili beharko da maskara. Hauek dira salbuespenak: eremu naturaletan, hirigune periferikoetan (oinezkorik gabe), igerilekuetan, jarduera fisiko handiko aparteko uneetan, eta lehiaketetan.

Kirol ikuskizunetan publikoa baimenduta dago?
Ez, debekatuta dago publikoa.

Kirolari federatu bat lehiatu daiteke?
COVID-19aren kasu positiboen azken hamalau egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 baino gutxiagokoa duten udalerrietan, lehiaketa profesionalean eta federatuan murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak egin ahal izango dira.

COVID-19aren kasu positiboen azken 14 egunetako intzidentzia tasa metatua 100.000 biztanleko 500 edo gehiagokoa duten udalerrietan, bertan behera geratuko da taldeko kirol jarduera oro, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Salbuetsita daude, eta, beraz, egin ahal izango dira lehiaketa profesionalean edo erdi profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol lehiaketak.

Baimenduta al dago ehiza jarduera bere modalitate guztietan, bai eta ibaiko eta itsasoko arrantza, kirol arrantza eta jolas arrantza ere, modalitate guztietan?
Bai, bizitokia dugun probintziako udalerri guztietan. Praktika hori beste probintzia batetik igarotzen den udalerri mugakidean ere egin daiteke.

Kontzertu batera joan ahal izango da?
Bai, baina soilik musikari profesionalen emanaldietara. Musika eta ahots-entsegu ez-profesionalak debekatuta egongo dira oraindik ere.

Dantza taldeek entseguak egin ahal dituzte?
Bai, eta baita dantza talde ez-profesionalek ere. Antzerki jardueretarako indarrean dauden baldintza berberetan egin ahal izango dituzte entseguak.

Joan al da bizitokia dugun udalerritik kanpo egiten den hileta, hil beila edo ehorzketa batera? Eta Arabatik, Gipuzkoatik eta Bizkaitik kanpora?
Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren hileta, beila edo ehorzketetara joan daiteke. Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo egiten direnetara bigarren mailara arteko senideak joan ahal izango dira. Nolanahi ere, atal honetan ezarritako neurriak bete behar dira: hil beiletan, 30 pertsona batu ahalko dira, gehienez, aire zabaleko espazioetan, eta sei espazio itxietan. Bertaratzen den pertsona kopurua txikiagoa izanez gero, ezingo da baimendutako edukieraren %50 gainditu. Hildakoaren ehorzketan edo haren errausketarako agurrean, 30 pertsona egon ahalko dira, gehienez, betiere espazio irekian egiten bada. Espazio itxian eginez gero, gehienez hamar pertsona batu ahalko dira, eta, nolanahi ere, pertsonen arteko distantzia gorde beharko da. Kasu guztietan erabili beharko da maskara.

Gaueko zer ordutara arte egongo da garraio publikoa?
Azken irteera 23:00etan izango da.

Jan edo edan ahal da garraio publikoan?
Bidaiaren denbora bi ordutik beherakoa bada, ezin da jan, baina bai edan.

Badago okupazio mugarik garraio publikoan?
Ez, garraio publiko eta pribatuetan ibilgailuak duen plaza adina pertsona joan ahalko da, betiere maskara jantzita.

Zer gertatzen da kultur ekitaldi batera joan eta 22:00ak baino beranduago amaitzen bada?
Jarduera edo ekitaldi kultural edo sozialik ezingo da 21:00ak baino beranduago amaitu. Ordubete izango da (22:00ak arte) etxera itzultzeko.

Etxeratze agindua zein ordutan da?
Orain arte bezala: 22:00etatik 06:00etara.

Zenbat pertsona elkartu ahal dira?
Gehienez sei pertsona bildu ahalko dira, orain arte bezala. Sei lagun baino gehiago ezin izango dira bildu, ez espazio publikoetan ez pribatuetan, eta neurri horrek berdin balio du espazio itxietarako zein kalerako.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.