Kongoko Errepublika Demokratikoa

Virunga parke nazionaleko sei basozain hil dituzte

Azken hamarkadan, gutxienez 200 basozain hil dituzte miliziek. Munduan bionaztasunik handiena duten eremuetako bat da. 

Mendiko gorilak, Virungan. Han bizi da animalia horren populazioaren laurdena. JEROME DELAY / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko urtarrilaren 12a
14:32
Entzun

Kongoko Errepublika Demokratikoko Virunga parke nazionaleko basozain izatea arriskutsu bihurtu da mendea hasi zenetik. Azken hamar urteetan gutxienez 200 langile hil dituzte Mai-Mai miliziek, «parkea defendatzen» ari zirela, hango arduradunen arabera. Azken erasoa igandean gertatu zen. Miliziano talde batek sei basozain hil zituen, eta beste bat larri zauritu.

Parkeko arduradunek zabaldutako mezuan adierazi dute goizeko lehen orduan gertatu dela erasoa, han 7:30 inguru zirela, parkean zeudela: «Lehen ikerketen arabera, basozainak ustekabean harrapatu zituzten, defendatzeko aukerarik izan gabe». Erasotzaileak Mai-Mai miliziak izan direla adierazi dute. Hala izendatzen dituzte azken hamarkadetan herrialdearen ekialdean sortu diren miliziak; 130 inguru, Human Right Watch gobernuz kanpoko erakundearen arabera. Horietako asko inguruko nekazariek osatu daude. Halere, badira inguruko meatzeen kontrola helburu dutenak. Hainbatek isilpeko ehizaren eta egur preziatuen trafikoaren bidez lortzen dute finantzaketa.

Parkean, 700 basozain inguruk egiten dute lan han, eta armatuta patruilatu ohi dute. «Patruiletan arrisku askori egin behar diegu aurre. Talde armatuez gain, animaliek ere eraso gaitzakete. Edozein unetan hil gaitezke. Ezin dugu guardia jaitsi», adierazi dio Efe agentziari parkeko langile batek. Izan ere, igandekoaren aurretik, iazko apirilean, miliziek hamabi langile eta lau zibil hil zituzten, ICCN Kongoko Ingurumenaren Babeserako Institutuaren arabera.

Virunga 1925ean bilakatu zen parke nazional, eta izendapen hori lortu zuen Afrikako lehen eremua izan zen. Gainera, Gizadearen Ondare ere bada 1979tik. Denera, 7.800 kilometro karratu ditu, eta lurrean bioaniztasun gehien duen eremuetako bat da: sumendiak, 5.000 metrotik gorako mendiak, oihanak... Besteak beste, han bizi da munduko mendiko gorila populazioaren laurdena —desagertzeko arrisku larrian daude—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.