MUSIKA

Urkok ‘Ezezagunak’ ezagutaraziko ditu igande honetan, Viktoria Eugenian

Mende erdiko ibilbideari errepasoa egingo dio kantariak, musikari talde zabal batekin, kantu ezezagunak eta arrakastatsuak tartekatuz.

Urko, kontzertua aurkezteko Donostian gaur egin duen agerraldiaren ostean. MAIALEN ANDRES / FOKU
mikel p ansa
2021eko urtarrilaren 12a
17:00
Entzun

Josean Larrañaga Urko-k ia mende erdia darama oholtza gainean kantari, baina oraindik ez du aukerarik izan bere sorlekuko areto handietako batean, Donostiako Viktoria Eugenian, bakarka aritzeko. Igandean aterako du arantza hori: kontzertu «bakarra eta errepikaezina» emango du, gertuko musikari «handiez» lagunduta.

Javier Perez de Azpeitia ariko da pianoan; Lerman Nieves baxuan; Ruben Caballero gitarran; Igor Telletxea baterian; Jorge Pacheco perkusioan; Satxa Soriazu teklatuan, eta Luis Mari Moreno Pirata saxoan. Arreta handiz hautatu eta entseatu dituzte kontzerturako hogei kantuak, eta formatu elektrikoan emango dituzte. Iñaki Salvadorren, Daniren eta Hugo Silveiraren kolaborazioak ere izango dituzte. 19:00etan izango da; 20 euro balio du sarrerak.

Ez da Urko Viktoria Eugeniako oholtzara igoko den lehen aldia, Gorka Knorr, Gontzal Mendibil eta beste batzuekin ere kontzertuak eman izan baititu areto horretan. Baina aurreneko aldia izango du protagonista bakar gisa. Aurten beteko dira 47 urte lehen diskoa kaleratu zuenetik, eta badira 49 urte aretoetan kantuan dabilela. Ibilbide luze horretan ezezagunak izan diren «baina balio handikoak diren» kantuak errepasatuko ditu igandeko kontzertuan, kantu ezagunak eta arrakastatsuak ere tartekatuta. Eta, lehen aldiz, Jose Bergamini eskaini zion diskoko kantu batzuk ere emango ditu jendaurrean.

Mende erdiko ibilian hamasei disko kaleratu eta gero, egindako lanari erreparatu nahi izan dio Urkok, hogei kantuko sorta bat ahalik eta baldintzarik onenetan eta kalitaterik handienez emateko. Oholtzak erabat utzi ez baditu ere, azkeneko urteetan kontzertu hautatuak ematen ari da. Urte batzuez musika bandekin aritu da, eta, orain, bere onena eman nahi du, zaindutako formatu batekin, eta entzuleak animatu ditu iganderako: «Oso gogor entseatu dugu, eta nahi dugu ekitaldi berezi bat izatea. Jendea animatu behar da antzokietara eta kontzertuetara; leku seguruak dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.