Literatura

Liberoamerikak deialdi bat egin du idazle gazteen literatur lanak jasotzeko

Oraingoan, Izotzetan islatuak estreinako liburukoak baino testu luzeagoak eskatu dituzte. Hala ere, funtsean, xede bera dute: gazteek idatzitako literatura argitaratzea; eta «berritzailea» bada, hobe.

Iosune de Goñi eta Leire Alonso, 'Izotzetan islatuak' liburuaren aurkezpenean, iragan irailean, Iruñeko Katakraken. IñIGO URIZ / FOKU
2021eko urtarrilaren 13a
10:22
Entzun

Gazteen literatur lanak plazara ateratzeko bide bat zabaldu du Liberoamerica literatur plataformak, eta helburu horrekin berarekin aritzen da lanean Liberoamerika, plataforma horren euskarazko adarra. Iaz, Euskal Herriko 24 idazle gazteren askotariko testu laburrak jaso zituztenIzotzetan islatuak. Euskal idazle gazteen bilduma izeneko liburuan. Bide berari jarraituz zabaldu dute bigarren deialdia: lan gehiago argitaratu nahi dituzte.

30 urte baino gutxiago dituzten idazleen euskarazko lanak jaso nahi dituzte, 40 eta 80 orrialde artekoak; aurreko antologian argitaratutakoak baino askoz ere luzeagoak —muga hiru orrialdekoa zen orduko hartan—. Lanak posta elektronikoaren bidez bidali behar dira, [email protected] helbidera. Egileek biografia labur bat bidali beharko dute testuarekin batera.

Ez diete bestelako mugarik ezarri parte hartzaileei, baina, gazteen lanak ez ezik, «literatura berritzailea» ere sustatu nahi dute plataformakoek; beraz, hobetsiko dituzte «literatura tradizionalarekin apurtzen duten» testuak: «poema bildumak, narrazio laburrak, prosa poetikoa, egunerokoak, intertestuak, lan hibridoak eta literatura esperimentala», besteak beste. Izan ere, Leire Alonso, Iosune de Goñi eta Ane Garcia plataformako kideek adierazi dute «leku berezi bat» egin nahi dietela feminismoari, esperimentazioari eta aniztasunari.

Aurreko liburua argitaratu zutenean, ohartu ziren bazela errepikatzen zen gai bat: gorputzarena. «Gorputzari eta norbere buruari buruzko gogoetak, zer eta nor garen. Horregatik jarri nahi genuen islaren ideia izenburuan», azaldu zuen Alonsok.

Nagore Fernandez literatur kritikariak honela deskribatu zuen lan hori BERRIAn egindako kritika batean: «Forma askotako piezek osatzen duten puzzle eklektiko baina bateratu bat». Fernandezen esanetan, identitatearen auzia da puzzle horretako askotariko piezak lotzen dituen harietako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.