AEB-ak

Lisa Montgomery, AEBek 67 urtean exekutatu duten lehen emakumea

Heriotza zigorra ezarri zioten 2004an, haurdun zegoen emakume bat hil eta haren fetua hartzea leporatuta. Abokatuak horren kontra agertu izan dira, argudiatuz abusuak jasan zituela umetatik eta arazo psikologikoak zituela.

Heriotza zigorraren kontrako protesta bat, iaz, Indianan. TANNEN MAURY / EFE
Andoni Imaz.
2021eko urtarrilaren 13a
12:09
Entzun

Lisa Montgomery presoa exekutatu dute AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Heriotzaren korridorean zegoen emakume bakarra zen, eta injekzio hilgarri bat jarri diote gaur, Indianako espetxe batean. Epaile batek bertan behera utzi zuen exekuzioa atzo, Montgomeryk buruko arazoak zituela argudiatuz, eta haren egoera aztertzeko eskatu zuen, baina Auzitegi Gorenak atzera bota du erabaki hori.

Kelley Henry abokatuak adierazi du exekuzioan parte hartu dutenek «lotsa» sentitu behar luketela. «Gobernuak emakume kolpatu eta eri hau hiltzeko setari eutsi dio», esan du ohar batean. «Lisa Montgomeryren exekuzioa justiziatik urrun dago». Azken 67 urteetan AEBek exekutatu duten lehen emakumea da.

Presoak 52 urte zituen. 2004. urtean atxilotu zuten, eta zera egotzi zioten: zortzi hilabeteko haurdun zegoen 23 urteko emakume bat itotzea eta haren fetua umetokitik atera eta bahitzea. Emakumea odolustuta hil zen, eta haurra onik jaio zen. Abokatuek adierazi izan dute emakumeak buruko arazoak zituela eta abusuak jasan izan zituela umetatik. 2008. urteaz geroztik, Montgomery behar psikologiko bereziak dituzten presoentzako espetxe federal batean izan zuten preso, Texasen, bakarturik.

Abokatuek ohartarazi izan zuten exekuzioa ez zela bide egokia. Hilketa gertatu zenean egoera psikotikoan zegoela esan izan dute, errealitatetik aparte. Heriotza zigorraren kontra aritu izan dira beste hainbat legelari ere; besteak beste, 41 fiskal eta Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra.

Azaldu izan dute Montgomeryren amak asko edan zuela haurdunaldian, eta fetu alkoholikoaren sindromearekin jaio zela erakutsi izan dute zenbait medikuk. Amak jo egin zuen, baita Diane Mattingly ahizpa nagusia ere, eta, haien aita etxetik joan zenean, amaren mutil lagunek ere tratu txarrak eman izan zizkieten, Mattinglyk berak kontatu zuenez. Urte luzez jasan zituen sexu abusuak. Henry abokatuak esan du ingurukoek bazutela gertatzen zenaren berri, eta inork ez zuela ezer egin.

18 urte zituenean, Montgomery bere anaiorde batekin ezkondu zen. Lau seme-alaba izan zituzten bost urtean, eta haren anaietako batek aditzera eman zuen senarrak ere jo eta bortxatu egiten zuela. Montgomery senarrarengandik banandu zen, eta beste gizon batekin ezkondu. Orduan, haurdun zegoela esan ohi zuen, nahiz eta antzutu egin zuten laugarren umeaz erditu eta gero.

Abokatuek krimena azaltzeko proposatu dituzten teorietako bat da Montgomery beldur zela bere senar ohiak haurdunaldiari buruzko gezurra agerian utziko ote zuen, haurren zaintzaren auzian haren kontra erabiltzeko.

Montgomeryk txakurren zaintzaren inguruko Interneteko foro batean ezagutu zuen Bobbie Jo Stinnett. Biek haurdun zeudela esan zioten elkarri, eta ernaldiari buruzko istorioez aritu ziren. Egun batean, Montgomeryk 280 kilometroz gidatu zuen autoa, Stinnetten etxeraino, eta ito egin zuen.

Biden, zigorraren kontra

2020ko uztailera arte, AEBetan ez zen exekuzio federalik gertatu azken hamazazpi urteetan. Zigorren kopurua ere murrizten ari da. Iaz, hemezortzi heriotza zigor ezarri zituzten, eta azken 30 urteetan izandako exekuzio kopururik apalena erregistratu zuten. Joe Biden presidente hautetsiak heriotza zigorra amaitzeko asmoa adierazi izan du, nahiz eta ez duen horretarako egunik jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.