Hezkuntza

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskoletan 2.000 haur gutxiago matrikulatu dira 2018tik

Jaurlaritzak iragarri du aurrematrikulazio kanpaina datorren astelehenean hasiko dela. Prozesu osoa Internetez egiteko aukera izango dute familiek, eta dokumentuak ikastetxera eraman nahi dituztenek aurrez txanda eskatu beharko dute.

Bildarratz eta Pedrosa, aurrematrikulazio kanpaina aurkezten. IREKIA
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 13a
12:11
Entzun

Datorren astelehenean, hilaren 18an, hasiko da Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako aurrematrikulazioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan. Horren berri emateko, agerraldia egin dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratzek, sailburuorde Begoña Pedrosak eta Eugenio Jimenez Ikastetxe eta Plangintzaren zuzendariak. Orotara, 15.300 ikasle ingururi zuzendu diete deialdia. Jaiotza tasaren apaltzea nabaritzen hasi dira ikasgeletan ere. Bildarratzek emandako datuen arabera, 2018tik 2.000 haur inguru gutxiago matrikulatu dira, eta joera ez da askoz hobea: egin dituzten ikerketek %20ko jaitsiera iragartzen dute.

Euskal eskola publikoa: nirea, zurea, gurea lelopean abiatu dute kanpaina. Egutegia ere zehaztu du Bildarratzek: familiek urtarrilaren18tik 29ra izango dute aukera eskaerak eta agiriak aurkezteko; otsailaren 16an, eskatzaileen zerrendak argitaratuko dituzte; martxoaren 9an, behin-behineko zerrendak argitaratuko dituzte; erreklamazioak egiteko aukera izango dute martxoaren 16ra arte; martxoaren 23an, behin betiko zerrendak argitaratuko dituzte; eta errekurtsoak aurkezteko aukera izango dute apirilaren 23ra arte. Duela bi urte hartu zuten irizpideari jarraituz, familiek gehienez hamabi ikastetxe aukeratzeko aukera izango dute, euren lehentasunen arabera sailkatuta. «Familiek beti izango dute ziurtatua haiek baino puntu gutxiago dituzten familien aurretik joatea», azpimarratu du Bildarratzek.

Aurrematrikulazio prozesu osoa Internet bidez egiteko aukera ere egongo da, eta Pedrosak Ikasgunea ataria erabiltzera animatu ditu gurasoak. Hala egin nahi dutenek aukera izango dute beharrezko dokumentazioa ikastetxera bertara eramateko, baina aurrez ordua hartu beharko dute, jende ez pilatze aldera. Familia ugariei dagokienez, ez dute ezaugarri hori ziurtatzen duen dokumenturik aurkeztu beharko, eta Hezkuntza Saila arduratuko da egiaztapena egiteaz.

Duela bi urte onartutako beste berrikuntza bati ere eutsiko diote: LHtik DBHra joatea tokatzen zaien ikastetxe publikoetako ikasleek ez dute aurrematrikulaziorik egin beharrik izango, betiere euren ikastetxeari dagokion institutura joaten badira eta ez badute hizkuntza eredua aldatzen. «Familia batek ez badu eskaerarekin egiten, automatikoki ulertuko da haien ikastetxeari esleitutako institutuan jarraitu nahi dituela ikasketak, eta hizkuntza eredu berean».

Orotara, 700 ikastetxe izango dituzte aukeran familiek: 2 urteko seme-alabak eskolatuko dituzten gurasoek 541 ikastetxeren artean aukeratu beharko dute, 542 eskolatan eskainiko dute Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, 533tan emango dute Lehen Hezkuntza, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako 327 ikastetxe egongo dira. Horietako %60 pasatxo dira sare publikokoak. Aurreko urteko datuei erreparatuta, hiru ikastetxe gutxiago egongo dira LHrako, eta bi gutxiago DBHrako.

Koronabirusa protagonista

Kazetarien galderei erantzunez, koronabirusa ikastetxeetan izaten ari den eragina ere aipatu du Bildarratzek —Gabonetako oporrak hasi zirenetik ez dute itxitako ikasgelei eta ikastetxeei buruzko daturik eman—. Haren hitzetan, datuak «esanguratsuak» ez badira ere, hamahiru gela daude itxita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan; hau da, ikasgelen %0,07.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.