Tabernak ixteko ordua 21:00etara aurreratuko du Nafarroako Gobernuak

Zenbait arau berri iragarri ditu Nafarroako Gobernuak: terrazetan erretzea debekatuko dute, eta %30era mugatuko dute merkatalgune ertain eta handien edukiera.

Javer Remirez, Nafarroako Gobernuko lehendakariordea. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 13a
12:50
Entzun

COVID-19ari aurre egiteko orain arte ezarritako neurri murriztaileei eutsi, eta zenbait arau berri iragarri ditu Nafarroako Gobernuak.

Ostalaritzari eta merkataritzari eragiten diete neurri berriek, batez ere. Alde batetik, tabernak eta jatetxeak ixteko ordua 21:00etara aurreratuko du gobernuak (orain arte baino ordubete lehenago), terrazetan erretzea debekatuko dute, eta merkatalgune ertain eta handien gehienezko edukiera %30era murriztu.

Bestalde, enpresei eskatu diete langileen sartu-irtenak «malgutzeko», lantoki handien inguruetan jendea pilatu ez dadin. Kalean erretzea ere mugatuko dute: aurrerantzean, toki batean geldi egon beharko dute erretzaileek, eta bi metroko gutxieneko tartea mantenduta, betiere.

Gainerako neurriei ere eutsi die Maria Txibiteren gobernuak: lurraldearen itxiera perimetralari, 23:00etako etxeratze aginduari eta pertsonen arteko bilkurak sei pertsona eta bi bizikidetza unitatera mugatzeari, alegia. Azken puntu horri dagokionez, ordea, bizikide ez direnen arteko bilkurak «ahal bezainbeste» mugatzeko deia egin du Remirezek: «Etxekoak bakarrik elkartzen badira, hobe».

Izurria hedatzeko arriskua neurtzen duten irizpideen arabera, Nafarroa 3. alerta mailan dagoela gogorarazi du Nafarroako Gobernuko lehendakariorde Javier Remirezek; arriskua «handia» dela, alegia. Irizpide eta neurgailu horiek okerrera eginen balute (ospitaleetako oheen okupazioa, kasurako), neurri «are gogorragoak» hartzeko prest azaldu da lehendakariordea: «Hori datuek esanen digute».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.