Ekialde Hurbila

Israelek 57 lagun hil ditu Sirian, azken urteetako erasorik gogorrenean

Siriako armadaren hemezortzi posturi eraso die Israelek, Deir ez-Zor probintzian. AEBen laguntza izan duela esan du ezkutuko iturri batek.

Israelgo armada, Golango gain okupatuan. ATEF SAFADI / EFE
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 13a
13:00
Entzun

Azken asteetan Israelek Sirian egin dituen erasoek jarraipena izan dute, baina gaurkoa ez da aurrekoen segida hutsa izan. Aitzitik, Siriako lurretan azken urteetan egindako eraso gogorrena eta hilgarriena izan da Israelgo armadak gauzatutakoa.

Baxar al-Assaden armadaren eta haren aliatuen aurkako erasoa izan da, eta, hein bereran, Iranek Sirian duen indarraren aurkakoa. Iranen babespeko miliziano xiiten aurkako presioa areagotu du Tel Avivek, eta mehatxutzat ikusten du Siria ekialdean duten presentzia. Indar xiitek kontrolatutako Libano eta Iran arteko pasabide bat ahal den moduan eragozten saiatuko dela adierazia du Israelgo Gobernuak, eta argudio horren pean erasoak gogortu ditu. Horren erakusle da gaur gertatutakoa. Gutxienez 57 lagun hil ditu Israelek, Erresuma Batutik jarduten duen Siriarako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi duenez —hasieran, hildakoak 40 izan zirela esan zuen erakundeak, baina kopurua igo egin zuen ordu gutxitara—, eta miliziano xiitak izan dira horietako gehienak. Zaurituak ere dozenaka izan dira.

Israelgo hegazkin militarrek Deir ez-Zor probintzian Siriako armadak kontrolatutako hemezortzi gune militar bonbardatu ditu. Deir ez-Zor hirian izan da hildako gehien, 26, eta Al-Bukamal eta Al-Mayadin herrietan hamabost eta hamasei lagun hil dituzte; denak ere, Iranen babespeko milizianoak, erakundearen arabera. Hezbollah milizia xiitako soldaduak eta Iranen aliatu diren beste zenbait miliziatako kideak hildakoen artean daudela ere esan du.

Arma biltegien eta Siriako armadaren kontrolpeko puntuen aurkako erasoa izan dela adierazi du behatokiak, eta Abu Kamal eskualdeko zenbait puntu ere bonbardatu dituela Israelek, Siriaren eta Iraken arteko mugan. Dozenaka lagun hiltzeaz gain, erasoaren ondorioz Siriako armadaren armamentua, arma biltegiak, munizioa eta makineria ere suntsituta geratu direla zehaztu du. «Armada siriarraren, Hezbollahren eta indar iraniarren armak» izan dituzte jo puntuan erasoa egiterakoan, gobernuz kanpoko erakundearen esanetan.

Siriako Sana albiste agentziak ere eman du bonbardaketaren berri, eta Israel egin du erantzule, baina ez du hildakoen kopurua aipatu.

Estatubatuarren laguntzaz

AEBak ere zipriztindu ditu erasoak. Israelek AEBetako inteligentzia zerbitzuaren laguntza izan dutela adierazi du halako zerbitzuetan jarduten duen funtzionario batek, bere identitatea ezkutatuta, The Associated Press berri agentziaren bidez. AEBek erasoaren berri zutela esan du funtzionario horrek, eta kooperazioan jardun dutela bi herrialdeek, Sirian eraso beharreko helburu militarrak zehazten.

Funtzionario horrek emandako informazioaren arabera, oliobide baten barruko zenbait biltegi zituen jomugan erasoak: Iranen armak biltzeko erabiltzen ziren. Gaineratu du Iranen programa nuklearrerako baliagarriak diren osagaiak bideratzeko ere erabiltzen dituztela biltegi horiek. Operazioa Mike Pompeo AEBetako Estatu idazkariaren eta Yossi Cohen Mossad Israelgo zerbitzu sekretuen buruak elkarrekin antolatu zutela ere esan du, eta, horretarako, bilera bat izan zutela astelehenean Washingtoneko kafetegi batean.

Karguaren azken egunetan da Pompeo, baina ez horregatik geldirik, eta Joe Biden AEBetako presidente hautatuaren agintaldiaren hasiera baldintzatu dezaketen zenbait erabaki hartzen ari da, azken egunotan. AEBen atzerriko politiketan eta herrialdeak Iranekin duen harreman diplomatiko zailean eragina izan dezakete Israelen xiiten aurkako oldarraldiak nahiz AEBek Yemengo huti mugimendu xiita «talde terrorista» izendatu izanak.

Inguru lehiatua

Israelek hiru asteko tartean egin duen laugarren bonbardaketa izan da gaurkoa, eta urte honetako bigarrena. Iragan ostegunean, Siria hegoaldeko zenbait puntutara misilak jaurti zituen, orduan ere Al-Assaden armadaren eta haren aliatuen aurka. 11 lagun hil eta beste 11 zauritu ziren.

Ekialderago jo zdu gaur Israelek. Siriak Irakekin muga egiten du han, eta bertan dago Deir ez-Zor probintzia, basamortua nagusi den inguru batean. AEBetako soldaduek kontrolatzen dute bi herrialde horien arteko errepidea, miliziano suniten laguntzarekin, baina, AEBak beren tropak pixkanaka erretiratzen ari dira inguru horretatik, eta hura Iranen gotorleku bilakatuko ote den beldur da Tel Aviv.

Estatu Islamikoak ere sartua du muturra inguruaren gaineko kontrola lortzeko borroka horretan. Sirian izan zuen azken eremu kontrolatua izan zen Deir ez-Zor talde islamistarentzat, baina 2017an haren jabe egin zen Siriako armada, tropa errusiarrek lagunduta. Estatu Islamikoaren itzala handia da probintzia horretan oraindik, hala ere, eta indarra hartzeko imintzioak egin ditu azkenaldian. Jihadistek Siriako armadaren eta haren aliatuen aurkako zenbait eraso egin dituzte azken urtean, eta urte berriarekin ere izan dira halakoak. Iragan asteburuan, esaterako, miliziano xiitei eraso egin zieten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.