Enpresak

Quebeceko Couche-Tard taldea Carrefour erosi nahian dabil

Elkarrizketak hasi dituztela baieztatu dute bi konpainiek, baina ez da ziurra fruitua ematea.

Carrefourren orga batzuk, artxiboko irudian. AHMAD YUSNI / EFE
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 13a
14:16
Entzun

Europan duen negozioa biderkatzeko operazioa abian jarri du Couche-Tardek. 2.700 saltokitik gora ditu kontinentean, gasolindegiak eta haien ondoko dendak batik bat, duela urte batzuk Statoil Norvegiako petrolio konpainia publikoari erositakoak. Cercle K marka erabiltzen du horietan Couche-Tardek, AEBetan ere baliatzen duena. 1980an jarri zuen lehen denda, Lavalen (Quebec), eta erosketen bidez hazi da, Quebecen eta Kanadan lehenik, eta hortik kanpo azken urteetan.

Frantziako Carrefour, berriz, Europako saltoki katerik handienetako bat du: han ditu munduan dituen 12.225 dendetako gehienak, horietako dozena batzuk Euskal Herrian —zazpi lurraldeetan ditu dendak—.

Neurri aldetik biak antzekoak diren arren —Couche-Tard taldeak 14.000 saltoki ditu, txikiak gehienak—, finantza merkatuetan abantaila handia du Quebeceko taldeak: 30.000 milioi eurotik gora balio du, eta Carrefour 12.000 milioi euroan geratu da. Carrefourrek ez da bere garairik onenean bizi, azken krisi ekonomikoek eta erosketa molde berriak bezero asko urrundu dizkiotelako bere hipermerkatuetatik. Azkenaldian, bere apustua izan da hiriguneetan saltoki txikiagoak jartzea, Carrefour Express izenekoak.

Gerturatze «adiskidetsua» dela ziurtatu dute Couche-Tardek eta Carrefourrek, Bllombergek bere asmoen berri eman ondoren. Ez da ziurra elkarrizketek fruitua ematea, ez dirudielako bat egiteak sinergia edo aurrezpen handiak ekarriko lituzkeenik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.