Txertaketa «apurka handituz» joango dela azaldu du Indurainek

Urtarrilaren 21erako Nafarroako zahar etxeetako 13.000 egoiliar eta langileei lehen dosia jarriko zaie eta bigarren dosia otsailaren 12rako. Ondoren, osasun etxeetako 18.000 profesionalei, etxeetan bizi diren menpekotasun handiko 7.000 pertsonei eta haien bizikideei jarriko diete.

Txertoak Refena zentroan. Han jartzen zaie Iruñerriko zahar etxeetako langileei. VILLAR LOPEZ / EFE
2021eko urtarrilaren 13a
15:27
Entzun

Astero Nafarroak Pfizerren 6.000 txerto jasotzen ditu; zehazki, 5.850. Txertatze kanpaina motel doala leporatu diote gobernuari, eta Santos Indurain Osasun kontseilariak azaldu du esperotako erritmoan doala, «apurka handituz». Indurainek zehaztu du hasiera «konplexua» izan dela, eta iritsi ahala jartzeko asmoa dutela. Hala ere, era berean, azaldu du bigarren dosia metatzen dutela «segurtasuna bermatzeko», bigarren dosi horrek ziurtatzen baitu immunitate eraginkortasuna %95 ingurukoa izatea.

Carlos Artundo Osasun zuzendariak berretsi du Nafarroak «bide orri propioa» duela, baina helburua argia dela: ahalik eta pertsona gehien txertatu dosiak jaso ahala. Dena den, horrekin batera, zehaztu du «ongi eta segurtasunez» egin nahi dutela. Adibidez, lehen fasean, zaurgarritasun handieneko pertsonak txertatzea erabaki dute, eta lehen erantzuna zahar etxeetako langile eta egoiliarretara zuzendu dute.

Horrek esan nahi du zahar etxe guztietara joan behar dutela: «Hau motela eta konplexua da. Azkarragoa da toki handi eta jendetsuagoetan hastea, adibidez ospitale batean, egun batean milaka txerto jar daitezkeelako, baina, Osasun Ministerioaren irizpideekin bat, zaurgarrienekin hastea hobetsi dugu». Aldi berean, gogorarazi du txertoa jartzen zaion pertsona bakoitza ordu erdiz zaindu behar dutela taldeek, erreakzio kaltegarriren bat agertuz gero artatzeko. 

Indurainek zehaztu duenez, kanpainaren hasiera honetan lehen helburua ehundik gora zahar etxe eta menpekotasun egoitzetako 13.000 egoiliar eta langile dira. Lehen dosia urtarrilaren 21erako jartzea espero dute, eta erantzuna positibotzat jo dute, %92koa izan baita orain arte. Bigarren dosia otsailaren 12rako jarriko dela aurreikusten du gobernuak. 

Hortik aurrera, hurrengo helburua ospitaleetako eta osasun sistemako 18.000 profesionalak izango dira, baita etxean bizi diren menpekotasun handiko pertsonak eta haiek zaintzen dituzten pertsonak ere. Lehen fasea gaindituta, 65 urtetik gorako pertsonak, funtsezko jardueretan lan egiten dutenak eta gaixotasun kronikoak dituztenak txertatuko dituzte. Helburua da zahar etxeetako egoiliarren %90i jartzea, osasun arloko profesionalen %70i, eta 65 urtetik gorakoen %8ri. «Iraupen luzeko lasterketa bat da. Sei hilabete eta hamabi hilabete artean iraungo du. Ez dakigu zehatz-mehatz», azaldu du Artundok.

Txertoen ekoizpenaren erritmoak baldintzatuko du txertaketa. Orain, astero 5.850 iristen dira, eta aurki Modernaren beste 500 iritsiko dira. Artundok gogorarazi du «historian lehen aldia» dela komunitate zientifikoak, farmazia enpresek eta gobernuek «hain esfortzu kolektibo handia» egiten dutela. Europako Batzordeak arrisku partekatuko kontratuak izenpetu ditu enpresa askorekin, eta denbora eskasa izan dute makina bat txerto eskura izateko. Denok nahi genuke gehiago izatea, baina daudenak daude, eta konpainiak ekoitz ditzaketenak baino ez dira jarri uneotan». Hartara, antsietatea ulergarritzat jo arren, egoera konplexua dela aipatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.