Italia

Ndrangheta Italiako mafia nagusiaren aurkako makroepaiketa hasi dute

355 lagun daude auzipetuta, kide edo kolaboratzaile izatea egotzita. 1986an Cosa Nostra epaitu zutenetik ez da mafiaren aurkako antzeko epaiketarik izan.

Nicola Gratteri Catanzaro hiriko fiskalburua, gaur goizean, epaitegian. SALVATORE MONTEVERDE / EFE
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 13a
16:16
Entzun

Italiako mafia boteretsuentzat jotzen den Ndrangheta sarearen aurkako epaiketa hasi dute gaur goizean, Italia hegoaldeko Lamezia Terme herrian. Industrialde batean kokatutako eraikin blindatu batean egiten ari dira epaiketa; segurtasun neurriak betetzeko, batetik, eta auzipetuak ehunka direlako, bestetik. 355 lagun epaituko dituzte, Ndranghetako kide izateagatik eta harekin kolaboratzeagatik. 

Rinascita-Scott operazioaren barruan 400 lagun atxilotu zituzten 2019an Italian, Alemanian, Bulgarian eta Suitzan, eta operazio hartatik eratorri da gaur hasi den epaiketa.

Mafiako kideak ez ezik, politikariak, militarrak eta enpresariak ere epaituko dituzte, askotariko akusaziopean: hilketak, estortsioa, armen eta lehergailuen trafikoa, korrupzioa, droga trafikoa eta beste. Horien artean daude, besteak beste, Giancarlo Pitteli Forza Italia alderdiko diputatu ohia, Mario Lo Riggio enpresari ezaguna eta Salvatore Rizzo Nicotera herriko alkate ohia.

Mancuso familiaren jardunaren inguruan ardaztuko da epaiketa, batez ere. Mafiaren barruan pisurik handiena duen familia da Mancuso, eta Vibo Valentia probintziaren gaineko kontrolaren zati handi bat izatea egotzita joango dira hango kideak epailearen aurrera.

Epaitegia bunker bilakatuta

Gaur goizean egin dute lehen saioa, hedabide grafikoen presentziarik gabe, epaileak hala eskatuta. Horrek polemika eragin du, eta erabakia kritikatu dute kazetari elkarteek. Izan ere, ikusmin handia dago Italian gaur hasi den epaiketaren inguruan. 1986an Cosa Nostra taldea epaitu zutenetik ez da mafia sareen aurkako antzeko epaiketarik izan herrialdean. 474 lagun epaitu zituzten orduko hartan—horietatik 119 ihes eginda zeuden—, eta Cosa Nostra talde kriminal egituratu bat zela ebatzi zuten epaileek. Giovanni Falcone eta Paolo Borsellino epaileek gidatu zuten epaiketa, eta, 1992an, Cosa Nostrak berak hil zituen biak, atentatu bidez. Mafiaren aurkako borrokaren aurkako sinbolo bilakatu ziren.

Oraingoan ere bada mafiaren erantzunaren beldurrik, baina haren aurkako indar erakustaldi moduan ere planteatu da epaiketa, eta, zenbait hedabidek diotenez, horren erakusle da epaiketa egiteko Calabria eskualdea aukeratu izana; hain justu, Ndrangheta mafiaren jardunaren epizentro dena. Nicola Gratteri Catanzaro hiriko fiskalburuak zeresan handia eman du mafiaren aurkako azken urteetako prozesuetan, eta haren jarduna erabakigarria izan da mafia sarea epaitzeko. Hark gidatu zuen Rinascita-Scott operazioa, eta Mancuso familia ikertzen aritu da azken urteetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.