Garraioa

Euskal Herriko aireportuek lau bidaiaritik hiru galdu zituzten iaz

Aire garraioak zazpi urtez izan duen goranzko joera eten du koronabirusak. Merkantzien garraioak eutsi egin dio Forondan

Loiuko aireportua, hutsik, abenduaren amaieran. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 13a
18:18
Entzun

Euskal Herriko aireportuen goranzko bidea kolpe handi batekin eten da. Kolpe metaforiko batekin, bistan da, aireportuetako pistetan istripu seriorik gabeko urtea izan baita 2020. urtea. Koronabirusaren krisiak eta hari aurre egiteko hartutako neurri gogorrek eten egin dute zazpi urtez handitzen aritu den trafikoa, azken lauak marka historikoekin, eta ia hiru laurden bat gutxitu du bidaiarien joan etorria.

2019an 7,7 milioi bidaiarik erabili zituzten Euskal Herriko bost aireportuak. Aurten, oraingoz, Hego Euskal Herriko aireportuen datuak baizik ez daude. Miarritzeko aireportuak datuak eguneratzeari utzi zion konfinamendua hasi eta instalazioa itxi zutenean, eta ez du 2020ko bidaiarien berri eman. Hori bai, joan den urrian iragarri zuen 400.000 bidaiari espero zituela, aurreko urteetan baino %60 gutxiago. Aurreikuspen hori betetzea zaila izango zaio, Ipar Euskal Herrian mugikortasuna oso mugatua izan delako udazkenean eta Eguberriko oporraldian.

Konfinamendurik ez da izan Hego Euskal Herrian apirilaren amaieraz geroztik, baina bai izan dira lurralde batetik bestera mugitzeko debekuak, eta oraindik indarrean daude. Horien ondorioz, bidaiari kopurua %71,3 txikitu da lau aireportuetan: zenbaki osoetan, 4,7 milioi lagun gutxiagok erabili dituzte. Kalte ekonomiko handia eragin du gutxitze horrek aireportuko zerbitzuetan, hala nola, kafetegietan, dendetan, eta taxisten artean.

Hegaldiak, %51 gutxiago

Hegaldien kopurua ere nabarmen jaitsi da, baina ez hainbeste: %51. Hau da, hegazkin gehiago ibili direla erdi hutsik 2019arekin alderatuz gero.  

Loiukoa da, alde handiz gainera, Euskal Herri osoan erabiltzaile gehien dituen aireportua, baina besteetan ohikoagoa den irudi bat ikusi da aurten han ere: bidaiaririk gabeko terminalarena.  2019an 5,9 milioi erabiltzaile izatetik 1,7 milioi izatera igaro da (-%71,4). Are okerragoa izan da abendua, %81,7ko jaitsiera izan baitu normalean joan etorri handikoa den hilabete batean.

Antzeko portzentaietan gutxitu dira bidaiariak beste aireportuetan ere: -%65,5 Noainen (84.000 erabiltzaile), -%73,8 Hondarribian (83.800), eta -%73,9 Forondan (45.300).
Bidaiarien garraiatzeari baino askoz hobeto eutsi dio merkantzien garraioak. Kopuru esanguratsu bat mugitzen duen bakarra Foronda da, eta alde horretatik ez zuen urte txarra izan, praktikoki pare geratzea lortu baitzuen, 64.3 milioi tona.

2021a ere ez da erraza izango aireportuentzat eta haien inguruko zerbitzuentzat. Mugikortasuna mugatzeko neurriak indarrean izango dira hurrengo hilabeteetan, eta nekez altxatuko dira hurrengo oporraldirako, Aste Santurako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.