Giza eskubideak

Txina «giza eskubideen mehatxutzat» jo du Human Rights Watchek

Urteko balantzea egin du erakundeak, eta ondorioztatu du XI Jinpingen gobernua azken urteetako «bortitzena eta kontrol gehien duena» dela.

Tibetarren eskubideen aldeko protesta bat. SANJAY BAID,EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 13a
20:00
Entzun

Mundu mailako giza eskubideak babesteko orduan Txinako Gobernua «mehatxua» dela ondorioztatu du HRW Human Rights Watch nazioarteko erakundeak urteko balantzean. Salatu du Pekinek bere sistemarekiko kritikoa den oro isilarazi nahi duela herrialdean, zentsura bidez eta nazioartean etengabe hazten ari den bere botere ekonomikoarekin. Bestalde, beste zenbait herrialdetako buruzagi «autokratek» ere nazioarteko giza eskubideen legedia urratzen dutela salatu du HRWek. Buruzagi horien artean aipatu ditu Donald Trump AEBetako presidentea, Narendra Modi Indiako lehen ministroa eta Jair Bolsonaro Brasilgo presidentea.

Urte berriaren hasierarekin batera, HRW nazioarteko giza eskubideen aldeko erakundeak amaitu berri den urtearen balantzea egin du, eta bertan plazaratu duen ondorio nagusia da Txinako Gobernua munduan giza eskubideak gehien urratzen dituena dela. Kenneth Roth  zuzendari exekutiboaren ustetan, Txinako Gobernuak «mehatxutzat» dauzka giza eskubideak, eta haren erantzunak kolokan jar litzake mundu mailako giza eskubideak. Hain zuzen ere, herrialdean askatasun politikorik ez dagoela adierazi du erakundearen txostenak, Txinako Alderdi Komunistaren boterea «kolokan» jarriko duelakoan. Urraketa horien adibidetzat jarri du gobernuak martxan jarritako «zaintza teknologikoa». Bestalde, salatu du munduko herrialde bakarra dela gutxiengo etnikoetako milioika biztanle aldi berean atxilotzen eta doktrinatzen dituena: gobernuak uigur etniako biztanleak kontzentrazio eremuetara eramaten zituela zioen albisteari erreferentzia eginez.

Gehitu du Xi Jinpingen gobernua azken urteetako «bortitzena eta kontrol gehien duena» dela, eta, horrela jarraituz, etorkizun «distopikoa» izango dutela txinatarrek, zentsoreen kontrolpetik ihes ezin eginda.

Beste herrialdeetan ere bai

Baina Txinan soilik ez, munduko beste zenbait herrialdetan ere giza eskubideetan atzerapausoak sumatu ditu HRWek. India, AEBak eta Brasil jarri ditu jomugan: hango buruzagiak «populistatzat» jo ditu, eta salatu du, Txinak bezala, nazioarteko legedia ez dutela errespetatzen. Horien kasuan ere, salatu du gutxiengo etnikoen aurkako erasoak egin dituztela, eta epaileen, kazetarien eta ekintzaileen askatasuna oztopatu dutela.

Hiru estatuen artean harremanak daudela argi utzi du txostenak, eta horiek ere eskubideen aurkako izendatu ditu. Urraketa horien adibidetzat jarri du «arrazakeria eta diskriminazioa bultzatzen dituen AEBetako migrazio politika zitala», edota estatubatuarrek osasun arreta eskuratzeko duten gaitasunaren ahultzea. Indiako kasuan, musulman eta hinduen arteko gatazkei egin die erreferentzia, gobernuak gutxiengoen aurkako erasoak saihesterik lortu ez duela azalduz. Gehitu du sarritan BJP gobernuko aderdiaren jarraitzaileek berek hauspotzen zituztela sarraskiak. Brasilen, berriz, gobernuak onartutako legeek Poliziari inpunitate osoa eskaintzen diotela salatu du erakundeak, eta hartutako neurriek biztanleria zaurgarriena arriskuan jartzen dutela.

Hiru estatu horien urraketez gain, gerran dauden herrialdeenak ere aztertu ditu, horietan gertatzen direnak «lotsagabekeriaz» izaten direla argudiatuz. Siria eta Yemengo gerrak izan ditu aztergai, horietan dauden alde guztiek zibilak babesteko ezarritako legeak urratzen dituztela azalduz: arma kimikoen debekutik ospitaleak bonbardatzeko debekuraino.

Horri lotuta, gerra horiek uzten dituzten errefuxiatuak eta haien bizi baldintzak jo ditu Europako arazo nagusitzat HRWen txostenak. Izan ere, 2019an 100.000 asilo eskatzailetik gora heldu ziren Europako mugetara, gehienak itsasoz. Greziako uharteetara heldu zen kopurua handia izan zen, eta, hain zuzen ere, kopuru handi horrek Europako estatuen arteko lankidetza arazoak azaleratu zituen.  Erakundeak salatu du Italiak eta Maltak ez zietela baimenik eman GKEei itsasoan erreskatatutakoak beren lurraldeetara eramateko. Eta, horrez gain, adierazi du Europako Batasunak zenbait estatu kideren politika urratzaileen aurka aritu behar izan duela; Hungarian, esaterako, herrialdeko mugan zeuden asilo eskatzaileei elikagaiak helaraztea galarazi baitzuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.