AEB-ak

Trump bigarrenez epaituko du AEBetako Senatuak

Estatuburuari epaiketa politikoa egitearen alde bozkatu dute 232 ordezkarik, eta aurka 197k. Alde bozkatu dutenen artean daude hamar ordezkari errepublikano. Senatuko buru Mitch McConnell errepublikanoak aitortu du ez duela garbi zer bozkatuko duen auzia goi ganberara heltzen denean.

Nancy Pelosi Ordezkarien Ganberako presidentea. SHAWN THEW, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 13a
22:50
Entzun

AEBetako historian lehen aldiz, presidente batek bi impeachment prozesuri egin beharko die aurre. Donald Trumpek izango du ohore hori, Alderdi Demokrataren ekimenez. Estatuburu errepublikanoari gertatutakoa ordainarazi egin nahi diote demokratek, eta errepublikano batzuek, bere jarraitzaile andana bat Kapitolioaren aurka bidali izana. Aukera guztiak baliatu dituzte horretarako, Mike Pence presidenteordeari hura kargutik kentzeko eskatuz lehenik –Pencek uko egin zion halakorik egiteari argudiatuta horrek «egoera are gehiago sutuko» zuela–, eta haren aurkako auzi politikoari bide eginez azkenik.  Atzo, Washingtonen arratsalde hasiera zenean, eta Euskal Herrian 22:40ak, Ordezkarien Ganberako gehiengoak baiezkoa eman zion Trumpen aurkako epaiketa hasteari. Aldeko 232 botorekin eta aurkako 197rekin onartu zuten estatuburuaren aurkako epaiketa politikoa abian jartzea.

Joe Bidenek, oraindik presidente hautatua denak, ontzat eman zuen ganberaren erabakia, baina nabarmendu zuen Senatuaren ardura izango dela orain Trump kargutik kentzeari buruzko auzi saioak aurrera eramatea, «nazioarentzat oinarrizkoak diren eginbeharrak» bere gain hartzen dituen bitartean. Pelosik ez zuen atzo argitu noiz helaraziko dioten Senatuari prozedura hasteko eskaria, baina ez dago zalantzarik hurrengo legealdian izango dela hori. Halla, epaiketak oztopatu egin ditzake Bidenek lehentasuntzat jotako hainbat gai eta erabaki, besteak beste, pandemiaren aurkako neurriak. Hori dela eta, buruzagi berriari lanerako tarte bat ematearen aldekoak dira, eta auzia atzeratzeko proposatu dute.

Orain arteko bidea azkarra eta erraza izan den arren, Senatuan oztopo handiagoa topatuko dute demokratek Trump errrudunttzat jotzeko garaian. Izan ere, goi ganberako senatarien bi herenen babesa behar dute horretarako, eta horrek esan nahiko luke ehun senatari errepublikanoetatik 17ren baiezkoa lortu behar dutela. Aurreko impeachment saioan ez bezala, oraingoan alderdi errepublikanoak askatasuna eman die bere senatariei bozkatzeko garaian, eta hainbatek dagoeneko aurreratu dute zalantzan daudela; esaterako, Mitch McConnell errepublikanoen senatuko buruzagiak aurreratu du «aurkezten dituzten argudioen arabera» hartuko duela azken erabakia, baina onartu du badaudela Trump auzipetzeko nahikoa oinarri. 

Erantzukizun eske

Nancy Pelosi ganberako presidenteak abiatu zuen bozketa aurreko eztabaida, ohartaraziz ezinezkoa dela «historiari ihes» egitea: «Aurrera egin behar dugu. Bera [Trump] mehatxu argi eta berehalakoa da maite dugun nazioarentzat». Hala, buruzagi demokratak «oinarrizkotzat» jo du epaiketa politikoa egitea, nahiz eta ez izan denen gustukoa. «Gaur, hemen, Konstituzioa babestera etorri gara hona». Pelosik hitza hartu baino minutu batzuk lehenago Trumpen aurkako salaketak irakurri zituzten behe ganberan. Estatuburu errepublikanoari leporatzen diote «AEBetako Gobernuaren aurkako indarkeria» bultzatzea, eta ohartarazten dute hark karguan jarraituko balu kolokan jarriko lituzkeela «segurtasun nazionala, demokrazia eta Konstituzioa».

Duela bi urte ez bezala, errepublikanoen artean ere izan dira Trump kargutik kentzearen alde bozkatu dutenak. Zehazki hamar izan dira impeachment-a babestu dutenak –halako bozketa batean bere alderdiko buruzagiaren aurka bozkatu duen kopururik handiena; izan ere, Bill Clintonekin, soilik bost demokratak egin zuten haren aurka–. Trump auzipetzearen alde bozkatu dutenetako bat da Wyomingeko ordezkari eta Dick Cheney presidenteorde izandakoaren alaba Liz Cheney: «Gertatu den guztia haren erantzukizuna da. Ez zatekeen halakorik gertatuko presidentearengatik ez balitz. Auzipetzearen alde bozkatuko dut». Harekin bat etorri zen, esaterako, ganberan gutxiengoan diren errepublikanoen buru Kevin McCarthy ere. Hark egotzi zion Trumpi manifestarien jarrera txarretsi ez izana, horiek Kapitolioaren aurka jo zutenean. Baina Cheneyk ez bezala, McCarthyk defendatu zuen ez zela beharrezkoa epaiketa bat hastea, eta nahikoa litzatekeela ikerketa batzorde bat osatu eta estatuburuaren jarrera ofizialki gaitzestea.

Izan ziren, errepublikanoen artean, Trumpen jarreratik urrundu arren auzipetzearen aurka agertu zirenak. Horietako bat izan zen Hego Carolinako senatari Lindsey Graham, ohartaraziz epaiketa batek okerragotu egingo lukeela egoera. «Impeachment-ak instituzioen egoera okerragotuko luke, eta indarkeria gehiago sustatuko», esan zuen Grahamek, behe ganberako eztabaida hastear zegoela.

«Indarkeriarik ez»

Ordezkarien Ganberan eztabaida betean zirenean, komunikatu ofizial bat plazaratu zuen Trumpek hilaren 20rako aurreikusitako manifestazioak baketsuak izan zitezela eskatuz. «Eskatzen dizuet ez dadila indarkeriarik izan. Ez lege hausterik eta ez inolako istilurik ere. Ez da hori nik nahi dudana, ez da hori Amerikak eskatzen duena», zioen bertan estatuburuak.

Datorren asteazkenean hartuko du presidente kargua Joe Bidenek, eta FBIk zabaldutako informazioen arabera, Trumpen jarraitzaileek manifestazioak antolatu dituzte egun horretarako AEBetako 50 estatuetako hiriburuetan. Horietatik jendetsuena Washingtonen bertan espero dute. Segurtasun indarrek, gainera, ohartarazi dute litekeena dela miliziek ere parte hartzea. Hori dela eta, Guardia Nazionaleko milaka kide eraman dituzte hiriburura. Gerra garaitik ikusi gabeko irudiak utzi zituen atzoko egunak Kapitolioan, non militarrek hartu zituzten eraikineko gela inguru eta korridorerik gehienak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.