Italia

Italiako Gobernua kolokan da, bi ministrok dimisioa eman ostean

Renziren alderdikide Teresa Bellanova eta Elena Bonetti dira kargua utzi dutenak. Lehen ministro izandakoa oso kritiko agertu da Giuseppe Conteren gobernuak zer-nola kudeatu duen pandemia.

Italia Vivako buru Matteo Renzi, legebiltzarrean. ETTORE FERRARI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 14a
11:48
Entzun

Hautsi egin da Italiako koalizio gobernua. Bart gauean gertatu zen. Lehen ministro izandako Matteo Renziren alderdiko bi ministrok dimisioa eman baitzuten. Italia Viva alderdiko Teresa Bellanova Nekazaritza ministroa eta Elena Bonetti Familia ministroa dira kargua utzi dutenak. Renzi oso kritiko agertu da azken asteetan Giuseppe Conte lehen ministroak zer-nola kudeatu duen pandemia. «Arrazoiren bat egon behar du Italia izan dadin koronabirusak jende gehien kutsatu eta hil duen herrialdea izateko, bai eta BPG barne produktu gordinak beheraldi handiena izan duena ere», salatu zuen Renzik, dimisioen berri eman ondoren.

Koalizioa apurtzear zela jakinda, Italiako presidente Sergio Mattarellarekin bildu zen Conte eta ohartarazi zion hautesleek ez zutela begi onez ikusiko gobernuaren azken krisia: «Ez dute ulertuko haustura, horrenbeste erronka ditugunean. Bozetara jotzen badugu, zigortu egingo gaituzte». Hala Contek baimena eskatu zion Mattarellari beste gobernu koalizio bat osatzen ahalegintzeko. Horretarako, baina, alderdi txikiagoekin aliantzak egin beharko ditu, eta horien artean egon liteke Silvio Berlusconi gobernuburu ohiaren Forza Italia kontserbadorea. 

Contek nahikoa babes lortu ez balu, litekeena da Mattarellak beste norbaiti eskatzea gobernua osatzeko, besteak beste, hauteskundeak egin behar izatea saihesteko. Italian soilik presidenteak du bozetara deitzeko eskumena, baina herrialdea pandemia betean egonik, bere esku dagoen guztia egingo du hark pauso hori eman behar ez izateko.

Conte 2018an heldu zen agintera Bost Izarren Mugimenduaren eta Matteo Salviniren Ligaren arteko koalizioari esker. Elkarlanak, baina, urtebete iraun zuen, eta 2019an hautsi egin zen. Orduan, Renziren zentro-ezkerreko Alderdi Demokratikoarekin egin zuen akordioa Bost Izarren Mugimenduak Conteri arnasa emanez. Baina Renzik laster utzi zuen Alderdi Demokratikoa, eta Italia Viva taldea sortu. Geroztik, oso gogor jo du gobernuaren aurka, eta krisia sortu da Europak pandemiatik irteteko emandako 180.000 milioi euroak nola baliatu eztabaidatzen hasi diren honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.