Bihar hastekoak dira Osakidetzako eta Osasunbideko langileei txertoa jartzen

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen irudiko, «propagandistikoa» da Osakidetzako langileak txertatzen hasiko direla iragartzea.

Modernaren txertoa. ROB ENGELAAR / EFE
Irati Urdalleta Lete.
2021eko urtarrilaren 14a
13:04
Entzun

Atzo iritsi ziren Modernaren txertoaren lehen dosiak Hego Euskal Herrira, eta Osakidetzak osasun langileei jarriko die txerto hori, bihar hasita. «Eskuragarri dauden dosiak ahalik eta lasterrena jartzen hasiko dira osasun langileei, salbuespen gisa», jakinarazi dute ohar batean.

Bi arrazoi eman dituzte horretarako: mugitzeko eta manipulatzeko dituen «zailtasunak» eta 65 urte baino gutxiago dituzten pertsonen artean «emaitza hobea» ematen duela. «Ezohiko txertaketa» Gurutzetako ospitalean hasiko da. Azaldu dutenez, txerto kopurua mugatua dela eta, lehentasunez zein osasun profesionalek txertatu behar duten zehaztu dute: «Aurreikuspenen arabera, datozen egunetan Modernatik jasotako dosien erdiak (700) Osakidetzako hainbat erakundetako Zainketa Intentsiboetako Unitateetako zerbitzuetako profesionalei jarriko zaizkie».

Halere, Osakidetzako zuzendaritzak ziurtatu du txertaketa «planifikatutakoaren arabera» egiten ari direla: lehenik, zahar etxeetako egoiliarrak eta langileak, eta, ondoren, osasun langileak.

Nafarroan, bihar hasiko dira ere osasun langileak immunizatzen. Ez dute zehaztu, dena den, jarriko dieten txertoa Pfizer-BioNtech enpresarena ala Moderna laborategiena den. Osasunbideak azaldu duenez, osasun zentro publiko zein pribatuetako langileei jarriko dizkiete lehen dosiak. Iruñerriko osasun zentroetako langileak Refena gunean txertatuko dituzte, eta gainerakoak, berriz, horretarako propio prestatutako unitate ibiltarietan. Martxoaren 22rako, 18.000 osasun langile immunizatu nahi dituzte.

«Propagandistikoa»

SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta ESK sindikatuen irudiko, «propagandistikoa» da Eusko Jaurlaritzak iragartzea Osakidetzako langileak txertatzen hasiko direla. «Eusko Jaurlaritzak egin nahi duen propagandatik harago, gaur ez da hasten Osakidetzazko langileen txertaketa», nabarmendu du Esther Saavedra ELAko kideak. Gaur goizean osasun langileek egin duten protesta batean egin ditu adierazpenak, eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren «inprobisazioa» salatu du. Izan ere, haren hitzetan, joan den ostiralean izan zuten bilera Osasun Sailarekin, eta adierazi zieten ez zekitela zein txerto jarriko zieten, ezta noiz ere, baina atzo «aprobetxatzea» erabaki zuen 1.400 dosi iritsi izana, osasun langileei «modu inprobisatuan» jartzeko .

«Ezin da esan jada benetan osasun langileak txertatzen ari direla», azpimarratu du. Saavedrak datuak eman ditu esandakoa berresteko. Azaldu duenez, 1.400 dosi iritsi dira Arabara, Bizkaira eta Gipuzkoara, eta Osakidetzan 40.000 langile daude. Bakoitzari bi dosi jarri behar zaizkionez, 700 langile txertatuko dituzte. Txertaketa «benetan salbuespenezkoa» izango dela esan du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.