Herbehereak

Herbehereetako Gobernuak dimisioa eman dezake

Seme-alabengatik laguntzak jaso zituzten familiei dirua itzultzeko eskatu die gobernuak, gurasoen ardura ez ziren «akatsengatik».

Mark Rutte Herbehereetako lehen ministroa aurreko asteko prentsa agerraldian. SEM VAN DER WAL/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 14a
13:34
Entzun

Herbehereetako Gobernua krisi politiko betean dago: iazko abenduan kaleratutako txosten batek azaldu zuen administrazioak seme-alabengatik emandako diru laguntzak bueltarazi zizkiola zenbait familiari, legezko babesik gabe. Hauteskundeetarako bi hilabete falta direlarik, gobernuaren dimisioa airean dago. Ezohiko ministroen kontseilua bildu zen atzo, eta bihar jakinaraziko dute gobernuaren erabakia.

Herbehereetako Gobernuak «inoiz ikusi gabeko kaltea» egin zien 20.000 gurasori, herrialdeko diputatuen komisio batek iazko abenduan kaleratutako txostenaren arabera. Han azaldu zuten, gurasoek jasotako diru laguntzak legezkoak baziren ere, itzularazi egin zizkietela, «akatsak» argudiatuta. Izapideak bukatu gabe egotea edo dagokiena baino diru kantitate handiagoa jasotzea izaten ziren horretarako argudioak; eta kontu horiek gurasoen esku ez bazeuden ere dirua bueltatzera derrigortu zituzten, beraietako asko baldintza ekonomiko eskasetara bultzatuz. Gehitu zuten ministroak, funtzionarioak, diputatuak eta epaileak horren parte zirela, eta «gurasoak aurka egiteko botererik gabe» utzi zituztela.

20.000 familiez horiez gain, jakinarazi zuten, konstituzioak espresuki debekatzen badu ere, herritartasun bikoitza duten beste 11.000 familiari ezohiko kontrolak egin zizkietela. Aste honetan bertan, kaltetutako 20 familiak gobernuko bost ministroren aurkako legezko prozesuak jarri dituzte martxan.

Txostena kaleratu zenetik, gobernuak barkamena eskatu die biktimei, eta 30.000 euroko kalte-ordainak ordaintzea onartu du. Hori ez da nahikoa izan, ordea; oposizioak eta familiek gobernuaren dimisioa eskatu dute. Hain zuzen ere, Mark Rutte lehen ministroak adierazi du bihar bilduko dela Ministroen Kontseilua, eta, atzoko bileraren ondoren dimisioa emateari ezezkoa eman bazion ere, bihar jakinaraziko du erabakia koalizio gobernuak.

Dena den, gobernuak dimisioa ez aurkeztea erabakitzen badu ere, oposizioko GroenLinks alderdiak zentsura mozioa aurkezteko asmoa du urtarrilaren 19an.  Alderdi Sozialistaren eta eskuin muturreko Askatasunerako Alderdiaren babesa du, baina ez dute baztertzen alderdi gehiagok ere baiezkoa ematea. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.