Txile

Abortuaren despenalizazioari buruzko eztabaida hasi dute Txileko Kongresuan

Abortua haurdunaldiaren 14. astera arte despenalizatzeko lege proiektu bat aurkeztu du oposizioak, baina Sebastian Piñeraren gobernua haren aurka dago.

Abortuaren aldeko manifestari bat, atzo, Santiagon. ALBERTO VALDES / EFE
Julen Aperribai.
2021eko urtarrilaren 14a
15:16
Entzun

Abortuari buruzko eztabaida Argentinatik Txilera igaro da. Txileko Kongresua haurdunaldia lehen hamalau asteetan etetea baimentzen duen lege proiektu bat eztabaidatzen hasi zen atzo. Txileko Alderdi Sozialistako diputatuek 2018an aurkeztu zuten lege proiektua. Oposizioak azkartu egin du hari buruzko eztabaida orain, ordea.

Argentinan legeztatu izanak eta herrialdeko mugimendu feministaren presioak agenda politikoan kokatu dute gaia. Gainera, prozesu konstituziogile bati ekin dio herrialdeak. Augusto Pinocheten garaiko Konstituzioa ezeztatu, eta beste bat idazteko ardura izango du herritarrek osatutako batzorde misto batek. Horrek herritarrengan sortu duen itxaropena baliatu, eta abortua eztabaidaren erdigunean kokatu nahi dute haren aldekoek.

Zigor Kodeko hiru artikulu aldatzea aurreikusten du lege proiektuak. Horrek ez luke abortua legeztatuko, baina modua ezarriko luke lehen hamalau asteetan haurdunaldia mozten dutenak ez zigortzeko. Azken helburua abortua legeztatzea bada ere egungo Konstituzioak horretarako aukerarik ez duela ematen azaldu zuen Maite Orsini RD Iraultza Demokratikoa alderdiko diputatu eta proiektua eztabaidatuko duen batzorde parlamentarioko presidenteak, Canal 24 telebista kateari emandako elkarrizketa batean. Konstituzioaren arabera, talde parlamentarioek ezin dute gobernuaren gastu fiskala gaindituko duen lege proiekturik aurkeztu, eta hala egingo luke legeztapenak, Orsinik zehaztu zuenez. Horregatik, zera proposatu dute: «gutxienez euren etxeetan edo klinika pribatuetan abortatzea erabakitzen duten emakumeek zigorrik ez jasotzea»

Kongresuan atzo hasi zuten eztabaida, Valparaiso hirian, Marea Berdea mugimenduko ehunka protestari kanpoan zirela. Abortuaren aurkakoak ere bildu ziren, eta tentsio uneak izan ziren, eztabaida hasi baino lehentxeago. Poliziak abortuaren aldekoak eta aurkakoak bereizi zituen. Kolore berdea soinean zutela eta abortuaren aldeko oihuak eginez iritsi ziren zenbait diputatu ganberara. Hala egin zuen Orsinik berak, esaterako. «Abortuaren despenalizazio legezko eta sozialerako bidea hasi dugu gaur. Abortuak egiten dira, eta egingo dira. Gure esku dago, apendizitisaren aitzakian, kliniketan abortatu beste aukerarik ez duten nerabeak eta emakumeak jazartzeari uztea», adierazi zuen.

Santiago hiriburuan ere mobilizatu zen mugimendu feminista, Kongresuan eztabaidan ari ziren bitartea. Txileko presidentearen egoitza den La Moneda jauregia inguratu zuten manifestariek, eta handik Unibertsitate Katolikora eraman zuten abortuaren aldeko aldarria. «Eztabaida kalera atera nahi dugu, Argentinan gertatu den bezala, ondoren Parlamentuan gainezka egin dezan», esan zuen Karina Nohales M8 koordinakunde feministako bozeramaileak.

Gobernua, traba nagusia

Badira desberdintasunak Argentinarekin alderatuta, hala ere, eta gobernuaren posizioa da nagusietako bat. Sebastian Piñera buru duen gobernua irmo kokatu da abortuaren aurka, eta hala berretsi zuen Karla Rubilar Garapen eta Gizarte Garapenerako eta Familia Politiketako ministroak, asteartean: «Gobernua abortu librearen aurka dago, haurdunaldia gelditzeko inolako arrazoirik ez dagoenean». 

Egun, hiru kasutan soilik dago baimenduta abortua, 2017an onartutako lege baten arabera: haurdun dagoenaren bizitza arriskuan denean, bortxaketa izan denean eta fetua bizitza arriskuan dagoenean. Abortu eskarien %3 soilik izaten dira halako arrazoiren batengatik. Ondorioz, modu klandestinoan gauzatu behar izaten dute abortua emakume askok.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.