Txertoen erdiekin iritsi da Pfizerren asteroko bidalketa Hego Euskal Herrira

Eztabaida piztu da ordezkari politikoen artean, dosien banaketa dela eta

Erizain bat, Pfizerren txertoa jartzen. EFE
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 18a
13:44
Entzun

Heldu da agorraldia. Pfizer farmazia konpainiak aldi baterako murriztuko du txerto banaketa Europan, ekoizpen gaitasuna handitu ahal izateko, eta, hori dela eta, Espainiako Gobernuak orain arte ezarritako banaketa eredua aldatu du, bigarren dosia bermatu ahal izateko. Hartara, dosi gutxiago igorriko dituzte aurreko asteetan txerto gutxiago jarri dituzten erkidegoetara, eta, gehiago, berriz, aurreko dosi guztiak edo ia guztiak jarri dituztenetara. Erabakiak kalapita sortu du talde politikoen artean: Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak argudiatu dute txertoen «erreserba estrategikoa» egin zutela, ekoizpen edo hornidura arazorik balego, txertoa jaso zutenen bigarren dosia bermatu ahal izateko (bigarren dosia ezinbestekoa da immunitatea lortze aldera); beste zenbait ordezkarik, ordea, «utzikeriaz» jokatzea eta «mantsoegi ibiltzea» leporatu diete administrazioei.

Polemikaren erdian iritsi da Pfizerren asteroko bidalketa eta, espero bezala, dosien erdiak jaso dituzte Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan: 8.736 jaso ditu Osakidetzak (espero zirenen %56) eta ia 3.000, Osasunbideak (%50).

Iñigo Urkulluk ez du begi onez ikusi banaketa hori. Atzo, Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan zuen «onartezina» dela, eta «kalte» egiten diola «aurreikuspenez jardun duenari». «Erabakia bidegabea da Euskadirentzat», salatu zuen sare sozialetan zabaldutako mezu batean. Mezu horri erantzun dio gaur Denis Itxasok, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkariak: Urkulluri esan dio txertoak «jartzeko» direla, «ez gordetzeko».

Osasun sailburu Gotzone Sagarduiren ustez, ordea, «azken egunetako gertakariek frogatu dute» Eusko Jaurlaritzak hartutako bidea «egokia» zela: «Kanpoan erosteko gaitasunik ez duzunean eta laborategi bakar baten menpe zaudenean, nolabait bermatu beharko duzu 21 egunen buruan bigarren dosia eman ahalko duzula». Gogoratu du Pfizerren bidalketa atzeratu egin zela duela bi aste: «Gero elurtea heldu zen, eta orain, murrizketak».

Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko tirabirak «oilar jokotzat» jo ditu PPko ordezkari Carlos Iturgaitzek: «Ikuskizun tamalgarria eskaintzen ari dira Urkullu eta Sanchez, egunero mokoka».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.