Zinema

Juan Carlos Tabio zinemagile kubatarra hil da

Tomas Gutierrez Alearekin batera 'Fresa y chocolate' eta 'Guantanamera' filmak zuzendu zituen, besteak beste. 78 urte zituen.

Juan Carlos Tabío, 2008ko irudi batean. ROLANDO PUJOL / EFE
Ane Eslava.
2021eko urtarrilaren 18a
19:36
Entzun

Juan Carlos Tabio (Habana, 1943 - 2021) «Kubako zinemaren historiaren parte garrantzitsua» dela adierazi du Kubako Arte eta Industria Zinematografikoaren Institutuak, haren heriotzaren berri eman duenean.

Zinemagileak 41 film sortu zituen, fikziozkoak eta dokumentalak, horietako asko ikusleek eta kritikak kultuzko pelikulatzat hartu dituztenak, Kubako idiosinkrasia islatzeagatik: kubatarren umorea, eta, aldi berean, herrialdearen errealitatea eta arazoak. 2014an Kubako Zinema Sari Nazionala irabazi zuen.

Se permuta (1985) komedia izan zen haren lehenbiziko fikziozko film luzea, eta baita haren ibilbideko lanik entzutetsuenetako bat ere. Hala ere, Tomas Gutierrez Alearekin batera zuzendu zituen Fresa y chocolate (1993) eta Guantanamera (1995) dira haren pelikularik ezagunenak.

Tabioren beste film batzuk dira, besteak beste, Lista de espera (2000), Aunque estés lejos (2003) eta El cuerno de la abundancia (2008). 2011n Siete días en La Habana pelikularen proiektuan lan egin zuen, Benicio del Toro, Julio Medem, Laurent Cantet, Pablo Trapero, Elia Suleiman eta Gaspar Noerekin batera.

Zinemagintza lanez gain, Tabio gidoi eta zuzendaritza irakasle lanean aritu zen. 78 urterekin zendu da, Habanan. Sareetan dolumin mezu ugari zabaldu dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.