Musika

Olatz Salvador, ahoan uhalik gabe, ahultasunari kantuan

Olatz Salvadorrek bigarren diskoa aurkeztu du: 'Aho uhal'. Hamabi kantuk osatzen dute, eta Rozalen, Ivan Ferreiro eta beste zenbait musikarirekin kolaboratu du.

Olatz Salvador musikaria, 'Aho uhal' diskoarekin, gaur, Donostian egindako aurkezpenean. JON URBE / FOKU
Ane Eslava.
2021eko urtarrilaren 19a
17:03
Entzun

Barrura begirako prozesu batean murgildurik zegoela, hitz bat buruan biraka ibili zitzaion Olatz Salvador musikariari (Donostia, 1990): gaztelaniazko rienda. «Gizakiaren ikuspegitik, kontrola hartzearen konnotazioa du hitz horrek, gidaritza hartzearena». Euskarazko baliokidearen bila jo zuenean, ezustea hartu zuen, ordea, aho uhal baita. «Kontrola izatea ez, baizik eta kontrolatua izatea da konnotazioa»; norbera askatzetik, norbera lotzera. Ideiak harrapatu egin zuen Salvador, eta, kontrasteak jolaserako aukera emango ziola ikusirik, halaxe deitu du bere bigarren bakarkako diskoa: Aho uhal. Hamabi kantuk osatzen dute, Airaka zigiluarekin argitaratu du, eta gaur aurkeztu du, Donostian.

Gai zabalak jorratu ditu kantuetan; gogoeta pertsonalak, barne gatazketatik sortutako ideiak. Askatasunari eta askatasunik ezari kantatu die; beldurrei, ausardiari, ausardia faltari. Izenburuan bezala, kontrasteekin jolasean. Abesti bakoitzak badu bere mezua, eta elkarren arteko lotura ere badute.

Mimoz landutako disko bat da. «Bi urteko prozesua izan da; hasieran, bakarrik aritu nintzen, eta, gutxika, jende gehiagorekin», azaldu du Salvadorrek. Lehenik, Pablo Novoa ekoizlea batu zen proiektura, baina, itxialdi garaia zela eta, distantzian aritu ziren lanean. «Ez da idealena, baina, teknologiari esker, prozesua ez zen gelditu». Ondoren, Ander Zulaika (bateria), Jagoba Salvador (baxua) eta Mattin Saldias (gitarra) batu zitzaizkien, eta, lantaldea handitzearekin batera, kantuak ere aberastuz joan ziren, horietan kide bakoitzaren zatitxoak izateraino. «Bakoitzak era batean ikusten dituelako kantuak, eta guztiek egin dituzte ekarpenak; egin ditugu negoziazioak ere, eta erronka nagusia izan da kantuak guztiei gustatzea. Horren bila joan gara, eta, noski, azken hitza nik eduki dut», zehaztu du.

Diskoan oinarrituta idatzitako testu batean, Karmele Jaiok adierazi du Salvadorrek ahultasunaren indarra eta edertasuna islatu dituela kantuetan: «Barruraino bustitzen gaituen zaparrada zintzo bat da. Zuzenean lotzen gaitu gure ahuldade eta hutsuneekin, eta bat-batean gogoratzen digu horiek ere badirela gure bizitzaren parte, bagarela ez garena ere, falta zaiguna, desiratzen duguna». Gogoetarekin bat dator musikaria: «Abestiek hori dute ezaugarri komuna: islatzen dute indartsu plantak egitea nekagarria dela, eta, ezkutatu ordez, humano eta zintzoagoa izango dela agertzea benetan garen bezala, gure ahulguneak onartuta, indartzeko era bat izan daitekeelako horiek onartu, gure baitan integratu eta horietatik onena ateratzea».

Artistaz inguraturik

Lanean zenbait musikarirekin kolaboratu du. Maria Rozalenek harekin batera abestu ditu, euskaraz, Alaia Martinek idatzitako Ahots hari kantuko letrak, eta Salvadorrentzat hori da kantu berezienetako bat. Lehenengoa da, Gaua sarrera kantuaren ondotik, eta izenburuko kontzeptuarekin lotuta dago, baita aurreko diskoan landutako zenbait ideiarekin ere.

Hurrengo kantuan, Gelditu hor izenekoan, Idoia Asurmendirekin batera aritu da, eta musikari gazteak abestiari eman dion aberastasuna nabarmendu du Salvadorrek. Kasu horretan ere, hitzak bertsolari batek sortu ditu: Ane Labakak. Mareak abestian, bestetik, La Marek kolaboratu du; eta, azkenik, diskoaren bonus track-ean, Ivan Ferreirok. Azken hori da Salvadorrena ez den kantu bakarra: musikari galiziarraren Promesas que no valen nada abestiaren bertsio bat da, eta Ferreirok modu berezi batean parte hartu du, ahotsa sintetizadoreekin eta modulatuta sartuta.

Kolaborazio bakoitzaren esperientzia oso ezberdina izan da Salvadorrentzat. Izan ere, Asurmendi eta Rozalenekin aurrez aurre egoteko aukera izan du, baina La Mare eta Ferreiroren kolaborazioak distantzian izan dira. «Eta gelditu zaizkidan esperientziak oso ezberdinak dira», aitortu du. Adibidez, Rozalen eta haren lantaldea ezagutu eta haren estudiora joatea «oso berezia» izan zela adierazi du, «abestiaz gain esperientziarekin gelditzen zarelako». Aldiz, Ferreirorekin ez du ezta hitz egin ere: Novoaren bitartez gauzatu du elkarlana. «Oso ezberdina da».

Harekin parte hartu duten musikariena ez ezik, beste artista baten ahotsa ere entzuten da haren kantuetako batean: Gata Cattanarena. Salvadorrek 2017an zendutako rap kantari eta poeta espainiarraren olerki bat euskaratu eta musikatu du, Eskuekin (Con las manos, jatorrizkoan). Kantuan, haren ahotsa eta Cattanarena tartekatzen dira, eta, modu horretan, «inspirazio iturri» duen artista horrekin nolabait kolaboratu duela sentitzen du.

Iragan berri den urteak ere izan du eraginik lanean. Salvadorrek kontatu duenez, urtea hastear zela, norbaiti entzun zion 2020a «mendi bat» izango zela. Hasieran ulertu ez zuen arren, ondoren konturatu da baietz, mendi baten gisakoa izan dela urtea, eta bere diskoa ere halakoa izatea erabaki du. «Igo egiten da, kantu bizieneraino, eta gero jaitsi; ez da igoera eta jaitsiera zuzen bat, halere, mendiak ere badituelako lautadak».

[youtube]https://www.youtube.com/watch?v=C9GHsdLtrL4[/youtube]

Jauzia

Hiru urte igaro dira Salvadorrek bakarkako estreinako diskoa argitaratu zuenetik: Zintzilik, Airakarekin hori ere. Prozesuan gauza asko aldatu dira, eta beste kide batzuekin lan egiten hasi da. Hori izan da «saltorik handiena» harentzat. «Ekoizle batekin lan egitea bada aurrerapauso bat, eta kolaboratzaileena ere bada beste apustu bat». Apustua eta eskainitako denbora, beraz, handiagoak izan dira disko honetan, baina musikariarentzat horrek ez du esan nahi bestea baino hobea denik: «Bakoitza bizitzako momentu baten isla da. Ni saiatu naiz ahalik eta fidelena izaten, eta oso jende profesionalarekin lan egiteko aukera izan dut».

Egoerak sortzen duen ezjakintasunak zuhur izatera behartzen du, eta ezin du poztasun handirik adierazi lana jendaurrean aurkeztu ahal izateagatik, baina hainbat kontzertu programatuta ditu. Ostegunean izango da lehenengoa, Aretxabaletako Arkupe Kultur Etxean (Gipuzkoa). Datorren astean Gasteizen eta Ondarroan (Bizkaia) aurkeztuko du, eta otsailean Bergaran (Gipuzkoa), Donostian, Zarautzen (Gipuzkoa), Barakaldon (Bizkaia), Amurrion (Araba), Elorrion (Bizkaia) eta Irunen (Gipuzkoa). Gogoz dago, ahoan uhalik gabe, kantuak entzuleei helarazteko: «Guretzat, hori da gehien gozatzeko momentua».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.