AEB-ak

Trumpek barkamena eman dio bere estrategia buru ohi Bannoni

Mexikoko harresia eraikitzeko emaileei iruzur egitea egotzi diote. Europan ere eskuin muturra bultzatzen aritu zen. 140 pertsonari barkatu die Trumpek azken egunotan.

Bannon, artxiboko irudi batean. JIM LO SCALZO / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 20a
08:45
Entzun

Azken orduak ditu agintean Donald Trump AEBetako presidenteak, gaur Joe Biden demokrata AEBetako presidente bihurtu aurretik, eta ingurukoei barkamena emateko baliatzen ari da. Steve Bannon izan da azkena. Trumpen estrategia burua izan zen. Azken asteotan, 140 pertsonari barkatu die. Bannonez gain, Lil Wayne rap abeslariari eman dio barkamena, eta kartzelatik atera ditu Kodak Black musikaria eta Kwame Kilpatrick Detroiteko alkate ohia.

Gako izan zen Bannon 2016ko hauteskunde kanpainan Trump Etxe Zurira eramateko. Iazko abuztuan, ordea, Mexikoko mugan hesia eraikitzeko diru bilketan iruzurra egitea leporatu zioten fiskalek. Kanpainak 20 milioi euro baino gehiago bildu zituen, eta horietako zati bat —ia milioi bat— poltsikoratu egin zuen Bannonek, fiskalen arabera, baina oraindik ez dute epaitu.

Bannonek The Movement fundazioa sortu zuen, besteak beste, Europako hamahiru herrialdetako alderdi ultraeskuindarrak biltzeko.

Wayne eta Black musikariek zigorra jaso zuten armak legez kanpo edukitzeagatik, eta Kilpatricki 28 urteko kartzelaldia ezarri zioten ustelkeriagatik.

Abenduan, Paul Manafort barkatu zuen Trumpek. 2016ko kanpainaren burua izan zen, eta duela hiru urte zigortu zuten, Errusiak hauteskunde haietan eduki zuen esku-hartzearen harira. Zazpi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zioten, diru iruzurra eta bere aurkako ikerketa oztopatzeagatik. Maiatzean atera zuten espetxetik, koronabirusaren izurriarengatik, eta zigorra etxean ari zen betetzen. «Hitzek ezin dute adierazi gure esker ona», adierazi zuen Manafortek barkamena jaso zuen egunean.

Presidentearen barkamena jaso zuen beste bat: Roger Stone aholkulari ohia. Kongresuari gezurra esateagatik ezarri zioten zigorra. Politikariari leporatu zioten 2016an Wikileaks gunearekin harremanetan jarri izana, hedabideak Hillary Clintonen mezu elektronikoen filtrazioaren harira, eta horren inguruan galdekatu zuten Kongresuko batzorde batean. Trumpek espetxe zigorra aldatu egin zion lehen ere.

Horiez gain, Charles Kushnerri barkatu zion. Trumpen alaba Ivankaren senar Jared Kushnerren aita da. Bi urteko zigorra ezarri zioten 2004. urtean zerga iruzurragatik, hauteskunde kanpainako diruarekin legez kanpoko mugimenduak egiteagatik eta lekukoen aurkako maniobrengatik.

Aurretik, Iraken 2007an 14 herritar hiltzeagatik zigorturiko Blackwater enpresako lau mertzenariori barkatu zien zigorra Trumpek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.