Ekialde Hurbila

Israelek kolonia gehiago eraikitzeko esleipenak onartu ditu

Jerusalem Ekialdean eta Zisjordanian, 2.500 etxebizitza baino gehiago eraiki nahi ditu Netanyahuk.

Shavi Shamron kolonia, Palestinako Naqura herrian, Zisjordaniako Nablus hiritik gertu. ALAA BADARNEH, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 20a
11:41
Entzun

Zisjordanian, 800 etxebizitzako kolonia bat eraikiko duela iragarri zuen Israelgo Gobernuak, joan den astelehenean, eta, atzo, beste urrats bat egin zuen Palestinako lurretan 2.500 etxebizitza gehiago eraikitzeko. Tel Avivek hamalau kolonia altxatzeko esleipenak onartu zituen. Horietako hamahiru Zisjordanian eraikitzeko asmoa du; 2.112 etxebizitza guztira. Eta Jerusalem Ekialdekoa 460 etxeko kokagunea litzateke.

Joe Biden AEBetako presidente hautatuak Etxe Zuriko agintea hartu aurreko egunean egin du iragarpena Israelek. Ez da kasualitatea izan, Bakea Orain Israelgo GKEaren esanetan. Haren iritziz, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak mezu argia bidali nahi dio AEBetako presidente berria izango denari: ez duela koloniak hedatzeko politika aldatzeko asmorik.

Netanyahuk aliatu handia izan du azken lau urteetan Etxe Zurian. Donald Trump «Israelek Etxe Zurian inoiz izan duen lagunik onena» zela adierazi zuen lehen ministroak, eta haren agintaldian kolonia kopurua nabarmen handitzeko baliatu du. Israelgo Gobernuak Palestinako lurretan kolonoentzat eraiki dituen etxebizitzen zenbatekoa %25 hazi da Trump presidente izan den denboran.

Israelgo hainbat GKEk salatu dutenez, Netanyahuren gobernuak Palestinan kolonia gehiago eraikitzeko erritmoa bizitu du Bidenek AEBetako hauteskundeak irabazi dituenetik, hark kargua hartu baino lehen eraikuntza planak ahalik eta gehien aurreratzeko.

Bestalde, Netanyahu gobernuaren baimenik gabe eraikitako sei kolonia legeztatzen ahalegindu zen atzo, baina Beny Gantz Defentsa ministroak —eta martxoaren 23ko bozetan Netanyahuren aurkari izango denak— puntu horren eztabaida eragotzi zuen, gobernu bileraren agendatik kanpo utzita. «Gobernuak ez du proposamen arduragaberik kontuan hartuko horren une korapilatsuan», mintzatu zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.