Katalunia

Kataluniako Atzerri kontseilaria inhabilitatu du herrialdeko Auzitegi Nagusiak

Bernat Sole desobedientziagatik zigortu du, Agramunt herriko alkate zenean 2017ko independentzia erreferenduma egiten laguntzeagatik.

Bernat Sole Kataluniako Atzerri kontseilaria, Kataluniako Auzitegi Nagusira sartzen, iazko uztailaren 10ean. MARTA PEREZ, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 21a
11:16
Entzun

Kataluniako Gobernuko Atzerri kontseilaria urtebeterako inhabilitatu du Kataluniako Auzitegi Nagusiak. Bernat Soleri desobedientzia larria egotzi dio epaimahaiak, Agramunteko alkate eta ERCko parlamentari zela 2017ko urriaren 1eko independentzia erreferenduma egiten lagundu zuela iritzita. Inhabilitazio zigorra ez da berehala ezarriko, Solek Espainiako Auzitegi Gorenean helegitea aurkezteko aukera izango baitu. Gorenak zigorra epai irmo batekin berresten badu hasi beharko du hura betetzen. Kataluniako Auzitegi Nagusiak 16.800 euroko isuna ere jarri dio kontseilariari.

Auzitegiaren esanetan, Solek modu pertsonalean eta zuzenean jaso zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakien berri, eta jakitun zegoen deskonexio legeak ezarriz gero desobedientzia ekintza baten erantzule izango zela.

Epaian jaso duenez, Solek Agramunteko udal areto bat erabiltzeko baimena eman zuen urriaren 1eko erreferendumean parte hartzera deitzen zuen hitzaldi baterako, eta «alkate eta diputatu gisa» hizlari aritu zen ekitaldi horretan, jendea bozkatzera deituz. Erreferenduma antolatzeko «ardura logistikoak» bete zituela gaineratu du auzitegiak, eta «babesa eta laguntza» eman ziela antolatzaileei, Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak beste herri batzuetan egin zituzten esku hartzeei buruzko informazioa helarazi zielako, besteak beste.

Bozetan «esku hartzeko»

ERCk Kataluniako Auzitegi Nagusiaren zigor epaia gaitzetsi du. Haren iritziz, Kataluniako bozetan «esku hartzeko» helburua du erabakiak. Marta Vilalta ERCko bozeramaileak epaia «mendekua» dela salatu du, eta ohartarazi hauteskundeen antolaketa baldintzatuko duela, baita ERCren hautagai zerrenda aldatzera behartu ere. Lleidako zerrendan, bigarren tokian zegoen Sole.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.