Kontu publikoak

Baimendutako zor osoa hartuko du Gipuzkoak, gastua %7,4 handitzeko

Mubil, Adinberri eta beste «etorkizun proiektuek» EBren finantzaketa jasoko dutela espero du Olanok, baina ez du diru hori kontuetan sartu

Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Iker Aranburu.
2021eko urtarrilaren 21a
12:24
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak 983 milioi euroren aurrekontu propioa aurkeztu du 2021erako. Iazko aurrekontuan baino 68 milioi euro gehiago gastatu nahi ditu, hau da, %7,4 gehiago. «Izugarrizko apustua», Markel Olano ahaldun nagusiaren hitzetan, zerga bilketak iaz hartu zuen danbatekoari osorik buelta emango ez zaion urte batean gertatuko delako.

Zehazki, aldundiak kalkulatu du 118 milioi euroko zor berria hartuko duela. Kopuru hori bera  Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak aldundientzat negoziatutako defizit publikoaren gehienezko kopurua —BPGaren %0,8—. Horietatik 60 milioi dira zerga bilketaren jaitsiera konpentsatzeko, eta beste 58 milioi gastu berria finantzatzeko.

Aurreko urteetan «kontuak garbitzeko ahalegin handia» egin duelako jo dezake orain Gipuzkoako Aldundiak zorpetzera: 2018an eta 2019an, 130 milioi euro txikitu zuen foru gobernuak bere zorra, Atzeraldi Handiaren hasieran Olanoren lehen gobernuak hartutakoa. Urtea amaitzean, 550 milioi euroren zorra izango du aldundiak, Jokin Perona Ogasun diputatuaren arabera. Zor hori «zikloa aldatzen denean» hasiko dira txikitzen, aurrekontu politika antiziklikoa eta keynesianismoa aldarrikatu baititu Gipuzkoako foru gobernuak.

Proiektu kuttunak

Olanok ziurtatu du COVID-19ak osasunean eta ekonomian eragin duten kalteei aurre egitea dela bere gobernuaren lehentasuna. Ildo horretan kokatu du gizarte politiketara bideratuko duela diru gehien, 419 milioi euro, hain zuzen ere —hemeretzi milioi gehiago, +%4,8—. Atal horren barruan, adinekoak zaintzeko politikek 150 milioi euro izango dituzte; zaharren egoitzek hamar milioi gehiago izango dituzte, eta Kabiak lau milioi gehiago.

«Etorkizuna eraikitzeko» proiektuek ere badute beren lekua Olanoren aurrekontuan: hamazazpi milioi jasoko ditu Mubil mugikortasun elektrikoa sustatzeko zentroak, 12,4 milioi Adinberrik —martxoan dira hastekoak zahartzaroa ikertzeko gune hori eraikitzeko lanak, Pasaian—, 3,4 milioi Elkar-Ekinek, hiru milioi Naturklimak, milioi bat Ziurrek,  600.000 euro bana Arantzazuko laborategiak eta Koldo Mitxelenak, eta 400.000 euro Euskararen Berrikuntza Zentroak.

Proiektu horretako gehienak Euskadi Next planean azaltzen dira, hots, EBren Hurrengo Belaunaldia planaren dirua jasotzeko Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari igorritako zerrendan. Baikor dago Olano, uste baitu Europaren finantzaketa jasoko dutela, bi arrazoi direla medio: batetik, EBren helburuekin bat datozelako, eta, bestetik, dagoeneko abian dauden proiektuak direlako. Edonola ere, EBren diruek proiektu horrek «bizkortu» egingo lituzkete, eta haiek gabe ere aurrera egingo dutela agindu baitu Olanok. Iritsiko diren ziurtasuna ez dutenez, ez dituzte aurrekontuan sartu.

Azpiegiturei dagokienez, Peronak azaldu du hiru proiektuk dutela lehentasuna: Urretxu-Azkoitia errepidea berritzeak, Donostiako 27. Poligonoa egokitzeak, eta A-15eko tunelak zaharberritzeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.