Literatura

Eneko Barberenak irabazi du aurtengo (H)ilbeltza beka

Landa eremuan girotutako istorio bat jorratuko du 'Xukunetatik aldendu ahala' izeneko proiektuan.

(H)ilbeltza bekaren antolatzaileak eta saritua, gaur emandako prentsaurrekoan. (H)ILBELTZA ELKARTEA
Ane Eslava.
2021eko urtarrilaren 21a
18:47
Entzun

Eneko Barberena Mondragonek (Arrasate, Gipuzkoa, 1983) jasoko du 2021eko (H)ilbeltza beka, Xukunetatik aldendu ahala izeneko proiektua gauzatzeko. Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkarteak eta Txalaparta argitaletxeak antolatzen dute beka 2017tik, euskal literatura beltza bultzatzeko, eta, txandaka, sormen eta itzulpen lanak saritzen dituzte.

Barberenak landa giroan girotutako istorio bat jorratuko du. «Mendia eta larreak norenak diren eztabaidatuko du, horien erabilera ezbaian jarriz», azaldu du Garazi Arrula Txapalartako editoreak, Joseba Otondo Baztango alkateak eta Miren Gorrotxategi (H)ilbeltza elkarteko ordezkariak osatutako epaimahaiak. Idazleak landa giroko bizimodua eta herritarren izaerak adierazteko egin duen ahalegina nabarmendu dute. Istorioa atal laburretan egituratuko du, eta horrek eta ahotsen koraltasunak «irakurketa bizia» egingo dutela adierazi dute.

Barberenak Igogailuak, Dow Jones eta beste droga batzuk (Apokaliftin Elkartea, 2002), Martin Larralde (Bonberenea Liburuak 2011) eta Afrikanerrak (Elkar, 2019) narrazio liburuak eta Lurrunak ez du oraindik kristalik estali (Gaztesarea, 2004) poema liburua argitaratuak ditu. Halaber, Periko gazteekin hizketan biografia kolektiboa koordinatu zuen (Txalaparta, 2015). Oraingo proiektua aurrera ateratzeko, 6.000 euro jasoko ditu; urtebete izango du liburua idazteko, eta 2022an argitaratuko du, Txalaparta argitaletxearekin.

(H)ilbeltza bekaren lehenengo aldia sormenera bideratuta egon zen, eta Miel A. Elustondok irabazi zuen. Kezko bola batek itoak birikak eleberria argitaratu zuen, 2019an. Hurrengo deialdia itzulpenari egokitu zitzaion, eta Josu Barambonesek Patricia Highsmithen Lardaska nobela euskaratu, eta 2020ko hasieran argitaratu zuen. 2019an, Miren Gorrotxategik irabazi zuen sormen beka, eta berriki aurkeztu du Sotoan gordeak liburua. Azkenik, iaz Koldo Bigurik jaso zuen beka, Massimo Carlottoren Arrivederci amore, ciao lana euskaratzeko, eta 2022an aurkeztuko du.

Aste beltzik ez
Aste honetan egitekoa zen, 20tik 26ra, aurtengo (H)ilbeltza euskal nobela beltzaren astea, Baztanen, baina, egoera ikusita, antolatzaileek erabaki dute bertan behera uztea. Urte osoan mahai inguruak antolatzeko asmoa adierazi dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.