Arma nuklearrak

Arma nuklearrak debekatzeko ituna indarrean sartu da gaur, 51 herrialdetan

Ez dute hitzarmena sinatu arma nuklearrak dituzten herrialdeek. AEBek Errusiarekin duten akordio nuklearraren berritzea negoziatuko dute; otsailaren 5ean amaituko da.

Pakistanen Shaheen-2 misil nuklearraren artxiboko irudia. EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko urtarrilaren 22a
11:59
Entzun

Arma nuklearrik gabeko mundu baten «itxaropena» eskaintzen duen ituna sartu da gaur indarrean, Robert Mardini Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeko zuzendari nagusiaren esanetan. «Lehenengo aldiz, horien erabilera legez kanpokoa dela dioen araua bihurtu da». Itunak arma nuklearren erabilera, garapena, ekoizpena, probak eta biltegiratzea debekatzen ditu. Era berean, estatuek ezingo dituzte beste herrialde batzuk lagundu edo bultzatu debekatutako jarduera horiek gauzatzera. Hori bai, oraingoz, ituna sinatu duten 51 herrialdeei eragingo die debekuak. Ez, ordea, arma nuklearrak dituzten estatuei. Akordioa 2017an erdietsi zen, Gurutze Gorriaren eta Ilargi Gorriaren ekimenez.

Munduan 13.000 jaurtigai nuklear daude; %90, AEBen eta Errusiaren esku. Bi potentzia nuklearrez gain, mota horretako armak dituzte Erresuma Batuak, Frantziak eta Txinak ere. Guztiak Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide dira. Ofizialki, Indiak, Pakistanek eta Ipar Koreak ere badituzte halako armak, eta ziurtzat jotzen da Israel talde horretan dagoela.

Mardinik ohartarazi duenez, milaka jaurtigai nuklear «alerta gorenean» dituzte estatu horietako gobernuek. «Horrek esan nahi du agindu bat bakarrik behar dela, pare bat segundo, botoi bat sakatu eta hondamendia eragiteko».

Arma nuklearren jabe diren estatuek itunaren parte ez izateko aurkeztu duten argudio nagusia da disuasio ahalmena dutela. Itunaren bultzatzaileak ez datoz bat. «Errealitate ukaezina da arma nuklearrak diren artean horiek erabiltzeko arriskua ere izango dela. Planeta segurua izateko, ezinbestekoa da arma horiek desagerraraztea», adierazi du Mardinik. Arrisku horien artean aipatu du zibereraso batena.

Itunaren eragin ahalmena

Arma nuklearren jabe diren estatuek ituna sinatu ez badute ere, adituek uste dute akordioak horiengan eragina izan dezakeela. Aurretik beste arma mota batzuk debekatzeko hitzarmenekin gertatu dena dute ondorio horretara heltzeko oinarri. ICAV Arma Nuklearrak Debekatzeko Nazioarteko Kanpaina erakundearen arabera —2017ko Bakearen Nobel saria irabazi zuen—, pertsonen kontrako minak eta barreiatze lehergailuak debekatzeko itunek lortu zuten akordio horietara batu ez ziren estatuen portaera aldatzea.

Sektore pribatuan ere eragina izan duela nabarmendu dute. Esaterako, AEBetako Textron eta Orbital ATK konpainiek barreiatze bonbak ekoizteari utzi zioten horien kontrako ituna indarrean sartu ostean, Washingtonek hura sinatu ez bazuen ere. Antzeko zerbait gertatu zen Egipton, pertsonen kontrako minak ekoizteari utzi baitzion horiek debekatzeko hitzarmena indarrean sartu zenean.

«Arma nuklearrak debekatzen dituen itun batekin, enpresa ekoizleek luze gabeko eta luzerako ikuspegia hartuko dute, eta geroz eta gutxiago inbertituko dute legez kanpokoak diren armetan», iragarri du Mardinik.

Aldaketa horiek gauzatu artean, itunaren bultzatzaileek urgentziazko neurri batzuk proposatu dituzte. Besteren artean, «alerta gorenean» dauden milaka jaurtigai nuklear egoera horretatik kentzea.

AEBak, negoziatzeko prest

AEBetako Gobernu berriak ahalegina egingo du Errusiarekin indarrean duen itun nuklearra bost urterako berritzeko, Etxe Zuriak atzo adierazi zuenez. START Berria esaten zaion  Arma Estrategikoak Murrizteko Hitzarmena 2010ean sinatu zuten orduan AEBetako eta Errusiako presidente zirenek: Barack Obamak eta Dmitri Medvedevek. Ituna 2011ko otsailaren 5ean sartu zen indarrean, eta hamar urte beranduago amaituko da, datorren otsailaren 5ean, aurrez aldeek hura berritzeko akordio bat lortzen ez badute.

«Presidentea oso argia izan da START Berria AEBen segurtasun nazionalaren intereserako dela adierazi duenean. Hura luzatzeak are zentzu handiagoa du Errusiarekiko harremanak gatazkatsuak direnean, egun diren moduan», azaldu zuen Jen Psaki Etxe Zuriko Prentsa idazkariak.

Itunak AEBek eta Errusiak izan ditzaketen jaurtigai nuklear kopurua mugatzen du, 1.550era. Horrez gain, lurreko eta itsaso azpiko misil eta bonba jaurtitzaile nuklearren gehienezko zenbatekoa 700 unitatean ezartzen du.

Hitzarmena ez berritzeak jaurtigaien eta horiek garraiatzeko sistemen gaineko mugak ezabatuko lituzke, eta hainbat adituk uste dute bi potentzien arteko arma lasterketa bat ekarriko lukeela horrek.

START ituna da AEBen eta Errusiaren artean indarrean jarraitzen duen akordio nuklear bakarra, Wahingtonek Maila Ertaineko Arma Nuklearren Ituna (INF ituna) utzi zuenetik, 2019an. Orduan, AEBetako presidente zen Donald Trumpek argudiatu zuen Errusia ez zela hitzarmena betetzen ari, eta Txina militarki nabarmen indartzen ari zela Ozeano Pazifikoan, hark ez zuelako halako itunen mugarik.

INF itunaren etenak ez zituen desagerrarazi bi potentzien arteko negoziazioak. Errusiak START hitzarmena bost urtez berritzea eskaini zion Trumpi, aurrebaldintzarik gabe, baina hark baztertu egin zuen, eta epe motzagorako akordio baten alde egin zuen: jaurtigai nuklear ororen ekoizpena izoztea eta Txina itunera gehitzea. Pekinek ez du STARTera batzeko asmorik.

Bidenek asteazkenean kargua hartu ondoren, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi zuen AEBetako Gobernu berriak «elkarrizketarako jarrera eraikitzaileagoa» izatea espero zuela, eta Mosku negoziatzeko prest dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.