DONOSTIAKO LISKARRAK

Ertzaintzak Donostiako Parte Zaharra hartu du berriz

Segurtasun Sailaren arabera, botilak jaurti dizkiete agenteei. Auzoko Gazte Asanbladak, ordea, ukatu egin du istilurik egon izana. Hamar lagun identifikatu dituzte. Pasaian, berriz, gazte bat atxilotu dute.

Ertzaintzaren autoak Donostian, atzo. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko urtarrilaren 24a
08:02
Entzun

Ehunka lagun mobilizatu ziren atzo Donostian, Poliziak azken egunetan herritarren aurka izaniko oldarraldiak salatzeko. Egun berean, ordea, berriz ere Parte Zaharrean sartu ziren ertzainak, laugarren aldiz egun gutxian. Ertzaintzaren hamabost auto eta zortzi furgoi bertaratu zirela salatu dute, eta hamar lagun identifikatu zituzten gutxienez. Sare sozialetan zabaldu dutenez, han zeudenen aurka egin zuten.  

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, kale edanean ari ziren gazte taldeak sakabanatzera joan zen Ertzaintza. Adierazi dute agenteak gazteei oldartu zitzaizkienean hainbat botila jaurti zizkietela. Parte Zaharreko Gazte Asanbladak, ordea, ukatu egin du istilurik egon izana, baina salatu du Ertzaintzak hainbat gazte «lurrean atxikita» eduki zituela.

Liskarrak izan dira beste zenbait hiri eta herritan ere, besteak beste Pasaian (Gipuzkoa) eta Santurtzin (Bizkaia). Segurtasun Sailaren arabera, azken herri horretan kale edanean ari zen lagun bat atxilotu dute. Ertzain bat zauritu izana leporatzen diote.

«Jasanezina»

Donostiako Parte Zaharreko Gazte Asanbladaren esanetan, hirian duten egoera «jasanezin» bihurtu da, eta 33 eragileren babesa izan zuen hori salatzeko eginiko mobilizazioak. Asanbladaren ustez, Polizia «osasun neurriak babestera baino gehiago, auzotarrak jipoitzera» joan izan da azken egunetan. Asteazkenean, besteak beste, pilotakada batek masailezurra hautsi zion gazte bati, eta lau lagun atxilotu zituzten. «Jotzeko egingo dugu tiro», adierazi zuen ertzain batek gau hartan, pilotakadak jauritzen hasi aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.